Landare eta ortuariei buruzko zalantzak argituko ditu Jakoba Errekondok Markina-Xemeinen
Agronomo, irrati esatari eta 'Bizi baratzea' liburuaren egilearekin solasaldia egongo da bihar [otsailak 28], 18:30ean, kultur aretoan.
Markina-Xemeingo Udalak herritarrei zuzenduriko orotariko ikastaroak eskainiko ditu datozen hilabeteetan. Jakitera eman dutenez, ingurumenari eta ortuari lotutakoak izango dira lehenengoak. Horrela, Jakoba Errekondo agronomo, irrati esatari eta Bizi baratzea liburuaren egilearekin solasaldia egongo da bihar [otsailak 28], 18:30ean, kultur aretoan.«Besteak beste, zuhaitz, lore, landare eta ortuarien inguruko zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek».
Aurreratu dutenez, Errekondok beste bi saio ere eskainiko ditu aurrerago, bata maiatzean eta bestea urrian, Urriko Azoka Nagusiaren atarian. Bestalde, Jose Antonio Ostolaza markina-xemeindarrak erlezaintzari buruzko bi saio ireki eskainiko ditu. «Lehenengoa erlezaintzaren hastapenei buruzkoa izango da, eta bigarrenean ezti bilketa eta erletegien prestaketa landuko dira». Martxoaren 21ean egingo da lehen saioa, 12:00etan, Kultur aretoan, eta bigarrena udazkenean izango da.
Udan, berriz, erreken garbitasunari lotutako ekimena egingo dela aipatu dute, herriko eskolako umeen parte-hartzeagaz. «Bestalde, urrian, Urriko Azoka baino lehen, sagardo dastaketari loturiko ikastaroa egingo da».
Ikastaro horiez gain, uda ostean, zahartze aktiboa sustatzeko eta defentsa pertsonalean trebatzeko ikastaroak eskainiko dituzte Lea-Artibai eskualdean.