'Antiguako Ama' kantuaren bertsio korala taularatu du Unanue Kamara Koralak
Angel Urzelai zarauztarrak duela 70 urte idatzitako kantu ezagunaren bertsio korala abestu dute estreinako Neguko doinuak deritzon kontzertuan.
30. urteurrena bete-betean ospatzen ari da Ondarroako Unanue Korala, eta horren aitzakiagaz, Neguko doinuak deritzon kontzertua eskaini zuten zapatuan [otsailak 29] Ondarroako Andra Mari parrokian. Hamar kantuz osatutako errepertorio gozoa, polita eta atsegina eskaini zuten parrokian batu ziren 200 bat lagunen aurrean, eta tartean, Angel Urzelai zarauztarrak duela 70 urte idatzitako Antiguako Ama herriko kantu ezagunaren bertsio korala ere abestu zuten estreinako. “Ahoz aho zabaldu den kantua izan da. Melodiak berdin jarraitzen du, baina partitura batetik abiatuta ñabardura gutxi batzuekin abestu genuen”, azaldu du Estibalitz Arrizabalaga Txurruka zuzendariak.
Euskaraz, gaztelaniaz zein latinez idatzitako beste hainbat kantu ere abestu zituzten; denak ere XXI. mendekoak, eta errepertorio erdia baino gehiago Alba Idoiagabeitia piano jotzaileak lagunduta. Besteak beste, Elberdin, Busto edo Gonzalez musikari euskaldunen kantuak abestu zituzten. Horrez gain, Bob Chilcotten Agnus Dei eta Kentaro Sato japoniarraren Ave Maria ere interpretatu zituzten. “Oso obra berriak dira; azken hamarkadakoak dira gehienak”. Era berean, hiru poetaren olerkiak tartekatu zituzten. “Sarrionandiaren batekin hasi ginen, eta ostean Gandiagaren eta Mikel Ibargurenen poemekin jarraitu genuen”.
Unanue Kamara Koralekoek, aspaldiko partez, gainera, bakarrik abestu zuten agertoki gainean. “Aspaldiko urteoten proiektu kolaboratiboekin ibili gara. Urteak dira kontzertu bat bakarrik ematen ez genuela”. Kontzertuari buruzko balorazio positiboa egin dute. “Jende asko etorri zen kontzertua ikustera, eta hori oso pozgarria da guretzat. Jendaurrean asko gozatu genuen, eta, aldi berean, jendearen aldetik ere erantzun ona jaso genuen. Horren adibide sentitu genituen txaloak izan ziren; oso txalo beroak”.