Bi txapel eta ehunka ikaspen Bizkaiko Eskolarteko Eskuz Binakako Txapelketan
Markina-Xemein Esku Pilota Taldeak eta Lea Ibarra Motrollo elkarteak txapel bana irabazi dute Olaburu pilotalekuan. Harmaila bete jende batu da pilota ikuskizuna ikustera.
Harmaila bete jende eta kantxa bete joko. Iurretako Olaburu pilotalekuak hartu zituen zapatuan (otsailak 29) Bizkaiko Eslolarteko Eskuz Binakako Txapelketaren finalak. Lea-Artibain lau txapel zeuden jokoan, eta bi lortu zituzten, bata Lea Ibarra Motrolloko Unax eta Antton Urzelai anaiek eta bigarrena Markina-Xemeingo Mikel Egurrola eta Markel Calvok.
Umeak BB mailakoa izan zen eskualdeko ordezkariek jokatu zuten lehen finala. Markina-Xemeingo Unax Arrizabalaga eta Ibai Arakistain eta Zornotzako Erdu A-ko bikoteak nahikoa partidu estua jokatu zuten. Hirugarren setak erabaki zituen irabazleak azkenean: txapela zornotzarrentzat izan zen. “Gure bikoteak indar gehiago zuela zirudien, baina Zornotzakoek pilotak ondo eroan dituzte, eta tantoak alde bietara jausi dira”, zioen partidua bukatu orduko Markina-Xemein Esku Pelota Taldeko entrenatzaile Pello Urionabarrenetxeak. 8-5 irabazten hasi zen Markina-Xemeingo bikotea lehen setean, eta 8-10 galdu zuten. “Bigarren seta sakeagaz hasi dugu, eta 10-4 irabazi dugu nahikoa erraz”. Aurretik hasi zuten hirugarren set erabakigarria, baina, azkenean, 5-3 galdu zuten. “Pena izan da. Baina pozik gaude, ze oso ondo ibili dira. Lan ederra egin dute“.
Arratsaldeko bosgarren partiduagaz batera iritsi zen Gaztetxoen BB mailako finala. Lea Ibarra Motrolloko ordezkarien lehen finala izan zen. Jaime eta Alex Andrinua anaia bikiek zein Gallartako ordezkariek lan serioa egin zuten atzean zein aurrean, eta azkenean, bi setetan eroan zuten garaipena gallartarrek: 9-10 eta 7-10. “Oso urduri egon da gure bikotea, pentsatzen zuten erraz galdu behar zutela, galdutzat ematen zuten partidua, eta ikusi dutenean besteak ez zirela hainbesteraino, lan egin dute, eta lehen seta tanto bakarragatik galdu dute. Hor egon da partiduko gakoa”, azaldu du Igor Zatika Lea Ibarra Motrollo elkarteko ordezkariak.
Lea Ibarra eta Markina-Xemein, Markina-Xemein eta Lea Ibarra, zazpigarren partiduak eskualdeko zaleen arreta osoa bereganatu zuen. Umeak A mailako finala jokatu zuten Unax Ibarzabal-Unax Albizu eta Antton Urzelai-Unax Urzelaik. Espero bezalakoa izan zen partidua, gogorra. Markina-Xemeingo ordezkariak 4-7 aurreratu ziren, baina Lea Ibarrekoek huts gutxiago eginda, 10-7 irabazi zuten lehen seta. Horrek erabaki zuen azken emaitza. “Bigarrenen setean Antton oso ondo ibli da atzean, arriskatu barik, Unaxek ere ondo jokatu du aurrean. Sufritzea tokatu da, eta Anttonek ondo eutsi eta defentsa handia egin du. Sinistu egin dugu irabazi genezakeela, konfiantzaz ibli gara”, adierazi du Zatikak. Azken emaitza lehen seta galdu izanak markatu zuela iritzi zion Urionabarrenetxeak ere. “4-7 aurretik hasi gara, aurreikusitako gidoiari jarraituz, baina urduritasunak eraginda, apur bat nahastu eta hutsak egiten hasi gara. Txapelketan aurretik joan izan dira beti, eta atzetik joatea aldapa gora egin zaie. Txapelketa oso ona egin dute, joko ona erakutsi dute, eta oso pozik gaude”.
Binakakoa Gaztetxoak R mailakoen neurketagaz amaitu zen. Aurrez aurre Markina-Xemeingo Mikel Egurrola eta Markel Calvo eta Lagun Onak taldeko Bereziartua-Arroitajauregi. Markina-Xemeingo bikoteak lan asko egin behar izan zuen txapela irabazteko. Maila horretan garesti egoten da garaipena. “Gure bikotea kantxan gehiago zela iritzi zait, baina aurkariek baino huts gehiago ere egin dituzte. Presaka ibili dira lehen txanpan”. 10-9 galdu zuten lehen seta. Joko hobea eginda, bigarrena 10-4 irabazi zuten, eta hirugarrenean ez zieten zornotzarrei aukerarik eman. 5-0 nagusitu ziren. “Konfiantzaz aritu dira, abiadura ematen pilotari. Beraien jokoa egin ahal izan dute”.
Balorazio oso ona. Irabazi ala galdu, Markina-Xemeingo eta Lea Ibarra Motrolloko ordezkariak pozik daude, daukaten harrobiagaz pozik, egunez egun ikasten dutenagatik pozik eta harro. “Beraiek pozik dabiltzan bitartean, gu ere pozik”, zioten finalen amaieran.
Binakakoa amaituta, Bizkaiko Eskolarteko Eskuz Banakako Txapelketa hasi da asteburuan, eta Bizkaiko Eskolarteko Trinkete Txapelketa ere martxan dago. Bertan ariko dira Lekeitioko Akarregi, Markina-Xemein Esku Pelota Taldeko eta Lea Ibarra Motrolloko hainbat ordezkari.