Lidertzari eusten dio Aurrerak
Ibon Lopezen mutilek 43 puntu dituzte. Hurrengo bi sailkatuek baino bat eta bi puntu gehiago, hurrenez hurren. Asteburuan San Pedroren aurka etxean jokatuko duten partidua garrantzitsua izango da.
Lurraldeko ohorezko mailako sailkapen taulan gorengoko postuan sendo jarraitzen du Aurrerak. Aurreko asteburuan sailkapeneko buruan jarri ostean, eta asteburuan garaipenik lortu ez badute ere, arazorik barik eusten diote bigarren astez lidergoari. 23 jardunaldi jokatu ostean, 43 puntu dituzte nagusien gizonezko lehen taldeak. Elorrio A eta Getxo oso gertutik ditu atzetik sailkapen taulan. Elorrio A da bigarren, puntu bat gutxiagogaz. Getxok ere nahikoa hurbil jarraitzen ditu igoera postuetan dauden bi taldeak, 41 puntugaz. Datozen jardunaldiei begira ere, hiru taldeen arteko lehiak bere horretan jarraituko duela dirudi.
Aurrerak Indautxuren aurka husna berdindu zuen zapatuan [otsailak 29] jaitsiera postuetan dagoen Indautxu taldearen aurka, Bilboko Iparralde futbol zelaian. Elorrio A taldeak, berriz, 1-2 galdu zuen etxean, Gernika Bren aurka. Eta Getxok 2-1 galdu zuen San Pedroren aurka Sestaoko Las Llanas zelaian.
Eladino Gonzalez Aurrerako presidentearen esanetan, taldeak disdira gabeko partidua jokatu zuten Indautxuren aurka. “Bidezko emaitza izan zen; partidu nahikoa eskasa izan zen eta. Sentsazio gazi-gozoekin amaitu genuen; taldea ez zen gustura ibili, ez ginen egon partiduan %100ean. Ez genuen gure jokoa egin. Gol aukera pare bat edo beste eduki genituen, baina ez oso argiak. Ez genuen galdu, eta hori garrantzitsua da, baina irabaziz gero hurrengo sailkatuekiko abantaila ederra lortuko genukeen”.
Partidarik galdu bariko bolada onari eusten diote Ibon Lopezen mutilek. 21 jardunaldi daramatzate galdu barik. Eta taldearen erregulartasunak badu saria. Lan bikaina egiten ari dira ondarrutarrak. Aurten igoera lortzeko ilusio eta gogoz daude. Hala ere, partida asko geratzen da jokatzeko, eta oraindik ez dago ezer erabakita. Zehazki, 11 jardunaldi falta dira liga amaitzeko.
24. jardunaldiari ekingo diote asteburuan. Zapatuan [martxoak 7], San Pedroren aurka jokatuko dute etxean; 18:30ean hasiko da norgehiagoka Zaldupen. San Pedro laugarren postuan dago, gora begira, 39 puntugaz. “San Pedroren aurkako partidua irabaztea bereziki oso garrantzitsua da. San Pedro gora begira jarri da, eta irabazten badiogu lehia horretik kanpora utziko dugu neurri handi batean”.
Beste behin ere Zaldupe jendez betetzeko deia egin dute Aurrerako ordezkariek. “Hemendik aurrera jokatuko diren partidu guztiak oso garrantzitsuak izango dira. Ondarroan estropadak egongo direnez, partidua ohi baino zertxobait beranduago ipini dugu. Estropadak ikusi ostean, zaleak Zaldupera etortzera animatu nahi ditugu”.