Mutrikuko Ipuinaren orduak 'Super Ni!' proposamena dakar martxorako
Elssie Xalbadorrek gidatutako ekimena 4 urtetik gorakoei dago zuzenduta. Sarrera doakoa da.
Emakumeen Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari dela eta, gaiarekin lotutako Super Ni! ipuina kontatuko du eguenean [martxoak 5] Elssie Xalbadorrek Mutrikuko Ipuinaren ordua ekimenaren barruan. Sarrera doakoa da.
Saioa 17:00etan hasiko da liburutegian, eta antolatzaileek gogorarazi dutenez, ekimena 4 urtetik gorakoei dago zuzenduta. “2 eta 3 urteko haurren kasuan, nagusi batekin sartuko dira. Heldu hauek beraien haurrez arduratuko dira, besteei trabarik egin ez diezaieten”. Antolatzaileek, era berean, puntualitatea eskatu die bertaratuko direnei, denek batera Ipuinaren orduaz goza dezaten. “Behin Ipuinaren ordua hasita ezin izango da sartu, bertan sortzen den giroa ez haustearren”.
XXI. mendeko neskato baten istorioa kontatzen du ipuinak, betiko printzesa eta printze urdinen ipuinekin aspertuta dagoen neskato baten bizipenak. Horregatik, ipuinak berak uste duen bezala kontatzen ditu; errealitatetik gertu egonik, berdintasun joera batetik eta gizarte osoarentzako eskuragarri dagoen ikuspuntu batetik.