Ondarroako Kamiñalde eta San Ignazio lotzen dituen igogailua egunotan konponduko dute
Igogailua itxita dago aurreko aste hasieratik. Konponketagaz askotan gertatzen diren akats txikiak saihestu egingo direla uste du udalak.
Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, eguaztenean [martxoak 4] konponduko dute Kamiñaldetik San Ignazio 32 atari parera doan igogailua. Aurreko aste hasieran itxi zuten igogailua, eta orduz geroztik itxita dago. Konponketa eginda, askotan gertatzen ziren akats txikiak saihestu egingo direla uste dute udal iturriek. “Udalaren asmoa herritarrei ahalik -eta kalitate oneneko zerbitzuak eskaintzea da, eta horretarako zuzenduta daude bihar egingo dituzten konponketak ere”.
Arazoaren berri eduki orduko igogailuaren mantenu lanak egiteaz arduratzen den enpresagaz ipini ziren harremanetan, eta enpresa hornitzaileak esan dietenaren arabera, bihar bertan aurreikusten dute igogailua erabilgarri egotea ere. “Biharko ipini ziguten hitzordua. Igogailuak gida bat dauka higatuta, eta horrek pieza batzuen matxura eragin du. Konponketekin higadura hori berriro ez gertatzea, eta arazoari amaiera ematea aurreikusten du enpresa hornitzaileak”.