Zilarra lortu du Jon Arrizabalaga ondarrutarrak Zamudioko Oso duro fight txapelketan
Mikel Stevenson ondarrutarrak, ostera, laugarren postua eskuratu du 76 kiloz azpiko kategorian.
Matienako ZR Basque Country taldeagaz lehiatzen duten Jon Arrizabalaga eta Mikel Stevenson ondarrutarrek sasoiko daudela erakutsi dute. Jiu Jitsuan aritzen diren bi kirolariek domekan [martxoak 1] Zamudioko kiroldegian jokatu zen Oso duro fight txapelketan parte hartu zuten, eta emaitza oso onekin bueltatu dira etxera. Arrizabalagak zilarrezko domina lortu zuen 82,3 kiloz azpiko kategorian eta Stevensonek, berriz, laugarren postua eskuratu zuen 76 kiloz azpiko kategorian. Biak ala biek gerriko zuriko dute, eta Gi (kimonodun) atalean parte hartu zuten.
Jende askok parte hartu zuen txapelketan; 340 parte hartzaile baino gehiago batu ziren tatami gainean borrokatzen. Euskal Herriko ordezkariez gain, Espainia, Portugal eta Frantziako beste hainbat kirolarik ere parte hartu zuten.
Arrizabalagak lehenengo bi borrokaldiak irabazi zituen, eta horri esker, finalerako txartela lortu zuen. Azken borrokaldia, baina, ezin izan zuen irabazi, eta merezitako zilarragaz bueltatu zen etxera.
Stevensonek azaldu duenez, berak parte hartu zuen kategorian jende askok parte hartu zuen. “22 lagun batu ginen. Bestelakoan, asko jota, hamar lagun izaten gara. Hori dela eta, azken fasera bidean, ohikoa baino borrokaldi gehiago jokatu behar izan genituen”. 5 minutuko lehen borrokaldia denbora baino arinago amaitu zuen, “aurkariak amore eman zuelako”. Bigarren borrokaldia puntu kopuruagatik irabazi zuen. Hirugarren borrokaldia, ezin izan zuen gainditu, eta finalerako txartel barik geratu zen. “Irabazteko aukera garbi bat eduki nuen, baina ez nuen ondo harrapatu. Azkenean aurkaria ni baino gehiago izan zen puntotan”.
ZR Basque Country taldeak, oro har, emaitza oso onak lortu ditu Zamudion. Guztira, zazpi domina lortu dituzte: urrezko bi, zilarrezko bat eta brontzezko lau. Bien bitartean, ondarrutarrek gogor entrenatzen jarraitzen dute. Aurreratu dutenez, ekainean Londresko Jiu Jitsu txapelketan parte hartuko dute.
Stevensonen esanetan, Jiu Jitsu kirola ez da oso ezaguna inguruotan, baina euren klubeko ateak zabalik daudela azpimarratu du. “Kirola probatu nahi duen edonor gonbidatuta dago. Idatzi @zrbasquecountry instagram kontura edo zrbasquecountry@gmail.com posta elektronikora”.