Amaia Perez Orozko: "Sistemaren gurpiletik irtetea lortu behar dugu"
XXK Colectiva elkarteko Amaia Perez Orozkok ‘Deribak, ongi bizitze feministarantz’ ikastaroa eskainiko du martxoaren 14an, Etxelilan. Silvia Perez de Lekuona lankidea izango du bidelagun.
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Ondarroako Udalak Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluagaz eta Etxelilagaz elkarlanean. Egunotan emakumeen presentzia areagotzeko egingo diren proposamenen artean, Deribak, ongi bizitze feministarantz ekonomia feministari buruzko ikastaroa eskainiko dute. Izen ematea zabalik dago Etxelilan.
Zer da deriba bat?
Deribaren ideia formazio eta ikerketa prozesu desberdin bat egitea da. Prozesu hori, alde batetik, kolektiboa da; ez da norbait zuri irakastera datorrena, baizik eta denon artean egingo dugun prozesu bat izango da. Beste alde batetik, prozesua ez da espazio itxi batean egiten. Oinez, denon artean ibilian egiten da. Modu horretara, espazioa okupatzen dugu, eta gorputz desberdinak mugimenduan jartzen ditugu. Oso garrantzitsua da faktore horiek formazio eta ikerketa prozesuan barneratzea. Guretzat, azken finean, deriba bat galdera antzerako bat egitea modukoa da; eta horretarako ibilian batera aztertu behar dugu lurraldea.
Non ibiltzen zarete?
Berdin dio herri bateko kaleak, landaguneak edo dena delakoa zeharkatu behar badugu ere. Baliteke norabide barik bilatu eta noraezean dabiltzan deriba batzuk osatzea gero. Beste deriba batzuk, bestalde, aldez aurretik adostuta ditugun galderei erantzuna emateko gidatutako ibilaldiak izan daitezke. Egia esan, deribetan oso garrantzitsua da bizitza sistema konkretu batetik abiatzea.
Zer modutan?
Gure bizitza konkretuak zalantzan jartzen dugun sistemagaz konexioan jartzea ere beharrezkoa da. Ikastaro honen helburu nagusia deribak ezartzen joatea da. Horretarako, sistemarekiko dauden alternatiba feministekin zerikusia duten galdera batzuk proposatuko ditugu hasieran, eta horiei buruzko eztabaida bat ere sortuko dugu. Egia esan, ikastaro batean zein bestean sortzen den deriba bakoitza desberdina izaten da.
“Askotan, lana diruaren truke egiten dugu, eta ez gizarteari ekarpena egiteagatik”
Zein alternatiba feminista proposatzen dituzue?
Gure asmoa alternatiba feminista hauek subiranotasun feministaren barruan kokatzea da, eta, aldi berean, Euskal Herrian garatzen ari den mugimendu feministaren proposamenagaz bat egiten dugu. Eta deribak ere horregaz lotuta pentsatzen ahaleginduko gara.
Deribak sortzerako orduan, zenbat ardatzetan banatu daitezke?
Durangon egin genuen ikastaro batean, esate baterako, ezin izan genuen ohiko deriba bat egin, kalera ezin izan genuelako irten. Baina, kasu horretan, deriba batera asko hurreratzen den ikastaroa egin genuen. Ardatzetako modura denbora aztertu genuen. Deriba bat beste gauza batzutan ere oinarrituta egon daiteke, baina gu sistemarekiko dauden alternatiba feministetan oinarritzen gara batez ere. Ondarroara, esaterako, aldez aurretik pentsatutako proposamen bat ekarriko dugu, ostera antzean, ez dugu nahikoa denborarik edukiko eta.
Zazpi orduko ikastaroa zelan daukazue prestatuta edo planteatuta?
10:00etan batuko gara Etxelilan, eta 14:00ak arte guk egindako proposamen batetik abiatuta, gaia lantzen hasiko gara, eta deriba horiek Ondarroako zein tokitan bila ditzakegun ere ezarri beharko dugu. Horiek denak egin, eta bazkaltzeko ordua ailegatu arte, kalera atera eta gaia lantzen hasiko gara. Batera bazkaltzeko asmoa dugu, gainera; 14:00etatik 16:00etara jango dugu. Arratsaldean, berriz, 16:00etan berrekingo diogu ikastaroari. Ziurrenik ikastaroan landutako deriba zein den identifikatzeko moduan egongo gara, eta ikastaroan jasotako datuei, inpresioei eta bizitakoei buruzkoa lapurpen antzerako bat egiteko asmoa ere badugu.
Zer hizkuntzatan izango da ikastaroa?
Ikastaroa gaztelaniaz dinamizatuko dugu, baina barne prozesua euskaraz egiteko aukera ere egongo da.
Ondarroan horrelako zerbait egingo duzuen lehen aldia da?
Antzerako zerbait egin genuen 2018an egin genuen tailer batean. Orduko hartan, datorren astean ikastaroan egingo dugunari nahikoa gerturatu ginen. Eskualdeko hainbat emakumek parte hartu zuten, eta duela bi urteko tailerra ikastaro honen aurrekaria dela esango nuke.
Zer egin zenuten?
Deriba txiki bat egitera irten genuen. Bertan batu ginenok asko gozatu genuen, eta oso polita izan zen. Deriben teoriara lehenengo hurbilketa bat izan zen. Eta oraingoan ere kalera irtengo dugu, ea zer gertatzen den ikustera; eskualdeko emakume guztiak gonbidatuta zaudete. Herriz herri egiten ditugun esperientzia guztiak desberdinak izaten dira, eta hau, esaterako, eguraldiak ere baldintzatu dezake.
Ongi bizitzeari buruz ariko zarete. Ongi bizitzeko zer izan beharko litzateke lehentasuna?
Enpleguari zentralitatea kendu behar diogu. Lanak gure bizitzan zenbat denbora hartzen duen jakin, bizitzeko soldatarekiko dependentzia gutxiago eduki, eta burutzen ditugun lanek zentzu sozial bat edukitzen saiatu behar ginateke. Askotan, lana diruaren truke egiten dugu, eta ez gizarteari egiten diogun ekarpenagatik. Gure ustez, lanek gorputza eta lurraldea zaindu beharko lukete. Honek guzti honek sisteman hainbat aldaketa eragiten ditu.
“Askotan, lana diruaren truke egiten dugu, eta ez gizarteari ekarpena egiteagatik”
Zer aldaketa?
Bizitzeko denbora edukitzeko lan orduen murrizketa eskatu daiteke soldata galera barik, esate baterako. Baina gure aldetik ere aldaketak eman behar dira. Elementu batzuk ez daude zuzenean gure esku, baina beste batzuk guk alda ditzakegu. Besteak beste, diruarekiko mendekotasun gutxiago izan genezake, eta horretarako, kontsumismo erritmo handietan ez sartzea gomendatzen da. Ahal den heinean, sistemaren gurpiletik irtetea lortu behar dugu, eta horretarako alternatiba kolektiboagoak proposatzen ditugu lurraldean.
Zein alternatiba?
Gizarte zentroekin zerikusia duen guztia denbora pasa, besteenganako erlazioak, elkar topatzeko guneak… desmerkantilizatzeko beste era bat da. Beste batzuek etxebizitzen okupazioaren alde apustu egiten dute… Azken finean, gauza batzuk norbere esku daude, eta beste batzuk era kolektiboan egin genitzake. Honetarako guztirako oso ezinbestekoa iruditzen zaigu begirada feminista bat. Kulpak asko lotzen gaitu emakumeok, eta kulpa horretatik askatzeak norbere bizitzarako denbora berreskuratzea dakarrela uste dugu.