Derrigortze delitua leporatu diete zortzi ondarrutarri
Gabonetan Ondarroako apustu etxearen aurka egindako ekintza bategatik epaiketa jakinarazpena jaso dute. Gernika-Lumoko lehen auzialdiko eta instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian epaituko dituzte apirilaren 15ean.
Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformak jakitera eman duenez, Gabonetan Ondarroako apustu etxearen aurka egindako ekintza bategatik epaiketa jakinarazpena jaso dute plataformako zortzi kidek. Apustu etxearen aurrean Olentzero mozorrotuta ikatza botatzearren derrigortze delitua leporatzen diete guztiei.
Gernika-Lumoko lehen auzialdiko eta instrukzioko 2. zenbakiko epaitegitik jaso dute epaiketara aurkezteko salaketa akta. “Bertan dioenaren arabera, apirilaren 15ean epaituko gaituzte. Salaketa hau, gehienbat, gu beldurtzeko dela uste dugu. Beldurra sartu nahi digute, eta daramagun borroka indartzea besterik ez dute lortuko. Abokatuagaz berbetan egon gara, eta esan digunaren arabera, leporatzen diguten delitua oso azalekoa da; ikatza kalera botatzea ez dela ezer larria esan digu”.
Plataformako kideek adierazi dutenez, lehen jakinarazpenak eguaztenean [martxoak 4] jaso zituzten, eta hurrengo egunotan denak jasota egongo direla aurreikusten dute. “Besteon etxeetara ailegatu diren gutunetan salatuta gauden guztion izenak agertzen dira. Esku artean ditugun datuak kontuan hartuta, pare bat laguni salaketa ailegatzea falta da”. Egoera salatzeko aurrera begira hainbat ekintza egiteko asmoa agertu dute. “Gu ez gara salatu behar gaituztenak, baizik eta establezimendua bera”.
Plataformako kideek gogorarazi dutenez, zapatuan [martxoak 7] 18:00etan ludopatiari buruzko hitzaldia emango du Jon Anton Ekintza Aluviz elkarteko kideak. “Elkarte honek, ludopatia eta substantzia gabeko adikzioak pairatzen dituzten pertsonei gizartean berriro integratzen laguntzen die”.