Ondarroa, Mutriku eta Debako gazte asanbladek topaketa egingo dute
Ezagutzak partekatu, ideiak eta esperientziak trukatu eta harremanak sendotuko dituzte hiru herrietakoek. Egun osoko egitaraua prestatu dute.
Ondarroako, Mutrikuko eta Debako gazte asanbladek aspaldiko partez batu eta topaketak egitea erabaki dute. Ekintzaz beteriko egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako [martxoak 7]. “Topaketa interesgarria izango da. Ezagutzak partekatu, ideiak eta esperientziak trukatu eta harremanak sendotzeko balioko digu”.
Eguraldi ona baldin badago Deban batuko dira 09:30ean, autobus geltoki alboko estalpean. “Ezagutze jolasak egingo ditugu, eta handik, mendiz mendi, Mutriku aldera abiatuko gara”. Mutrikura 11:00ak inguruan ailegatuko dira, eta denak han batu ondoren, hamaiketakoa egingo dute Gaztetxean. Ondoren, Ondarroa aldera jarraituko dute oinez. “Eguraldi txarra baldin badago, zuzenean Ondarroan geratuko gara. 11:30ean batuko gara Gaztetxe parean. Ezagutza jolasak egingo ditugu”.
13:00ak inguruan, Gaztetxin momentuko egoeri mahai ingurua egingo dute, eta hiru Gaztetxeen eta gazte asanbladen egungo egoerari buruz luze eztabaidatu eta hausnartu ostean, bazkaritan batuko dira. 14:30ean ipini dute hitzordua: “Nahi duten guztiek bazkaltzen geratzeko aukera edukiko dute”. 16:00etan hasita, Mutrikuko Dawaneko taldeak saio akustikoa eskainiko du, eta 19:00etan, berriz, karropoteoa eta asanbladen arteko jolasak egingo dituzte zehar. Eguneko proposamenak Dena talde ondarrutarraren kontzertuarekin amaituko dituzte. “Gaua borobiltzeko, musika ipintzen ibiliko gara. 02:00ak aldean, karaokea ere egingo dugu”.