Ondarroako Kamiñazpiko bozkalekua lekuz aldatu dute
Kamiñazpiko bi mahaiak Zubi Zahar herri ikastolara lekualdatuko dituzte.
Ondarroako Udalak jakitera eman dutenez, apirilaren 5ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako bozkalekuetan aldaketa bat egongo da: Kamiñazpi auzoko bozkalekuak Zubi Zahar herri ikastolan kokatuko dituzte. “Aurreko hauteskundeetan ere aldaketa egiten ahalegindu ziren, baina ez zen posible izan”. Udal erakusketako, Institutuko eta Udal erregistro orokorreko hautes mahaiek bere horretan jarraituko dute.
Azpimarratu dutenez, auzotarrek bozka toki berrian eman beharko baldin badute ere ohiko bi mahaiak (2.3.A. eta 2.3.B.) mantenduko dira. Azken hauteskundeetan, azaroaren 10ean egin ziren Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, berriz, Alkoholiko Anonimoen elkartean eman zuten bozka. Udal iturriek azaldu dutenez, erosotasuna, eta baldintza hobeak bermatze aldera egin dute aldaketa. Azpimarratu dutenez, “ahalik-eta zailtasun txikienak” eragin nahi dizkiete auzotarrei. “Zubi Zahar ikastola horretarako egokiagoa ikusi dugu. Lekua ere handiagoa da, eta denontzako espazio gehiago dago”.