Trantsizio feminista bultzatuko duen eredua eskatuko dute Martxoaren 8an
Euskal Herriko Bilgune Feministakoen deiagaz bat egin dute eskualdekoek. Lea-Artibai mailako mobilizazioa Ondarroan egingo da aurten.
Pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa erdigunean jarri zituen iaz Emakumeen Nazioarteko Egunak. Aurten, iraganeko emakumeen lanari balioa eman eta etorkizuneko emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraituko dute emakumeek.
Hori horrela, Euskal Herriko Bilgune Feministak dio mugimendu feministek alternatibak proposatzen, agenda komuna eraikitzen eta gatazkak azaleratzen jarraitu behar dutela; parean duen horma arrakalatzen, hain zuzen. Halaber, gero eta oinarri gehiago dituen trantsizio feminista bultzatzeko eredu berri baterantz abiatzea «ezinbestekoa» dela diote: «Gure herrian bizi dugun defizit demokratikoa gainditu behar dugu. Gure gorputzetan eta lurraldean erabakitzeko burujabetza eta feminismoa behar ditugu. Biak. Errotik, dena aldatzeko».
Martxoaren 8rako, Emakundek Katerik gabe katean leloa aukeratu du. Lelo horregaz, berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko lana «atzetik datorren kate bat» dela erakutsi nahi dute. Hala, iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak egiten aritu diren emakume guztiei omenaldi bat egiteaz gain, belaunaldi berriei dei egin nahi diete kateari jarraipena emateko, «emakumeen ahalduntzea indartzeko».
Azken urteetan, masiboa bezain bizia izan da emakumeen aldarria. Mugimendu feministaren indar metaketa, kohesioa eta transbertsalitatea islatu dituzte Euskal Herriko grebek eta V. jardunaldi feministek.
Kanpoko botere egiturak aldatzea dute helburu, «barnekoa irauli bitartean». Hala, konpromiso zehatzak eta integralak hartzeko eskatuko diete agintariei: «Hitz hutsalak baino ez dira konpromiso zehatz eta integralak hartzen, eta horiek diruz hornitzen eta ebaluatzeko irizpideak ezartzen ez diren bitartean».
Lea-Artibain, eskualdeko manifestazioa egingo dute Ondarroan; domekan [martxoak 8] 13:00etan Etxelilan jarri dute hitzordua. Lekeitiarrak ere manifestazioan batuko dira domekan [martxoak 8], 13:00etan, Eskolapean.
Lekeitioko mugimendu feministako kideek inoiz eraso bat jasan duten emakume lekeitiarrekin lanketa bat egin dute, eta horri buruzko irakurketa bat plazaratuko dute domekan. Lanketa horren emaitzak 12:00etan udaletxeko eskaileretan jakitera emango dituzte, Marianitada egin aurretik. Herritarrei hara agertzeko dei egin diete.
Mutrikuarrek domeka arratsaldez egingo dute mobilizazio zaratatsua; 18:00etan Miruaitz frontoitik aterako dira.