Ein Go taldeak giro onez eta umorez jantzi du Ondarroako kantu bazkaria
Ondo baino hobeto pasatu dute kantu bazkarian parte hartu dutenek. Ez dute falta izan kantuan eta dantzan egiteko aukera eta gogorik.
Herri kantuzalea dela erakutsi du gaur (martxoak 7) ere Ondarroak. Zubi Zahar herri ikastola -ren ekimenez, V. Kantu Bazkaria egin da. 13:30erako zeukaten jarrita hitzordua Ein Go taldeagaz Alde Zaharrean, eta minutu gutxi batzuren ostean, Zubi Zahar inguruan entzun zitezkeen lehenengo doinu eta kantuak. Kalejiran joan dira Zubi Zahar ikastolaraino, tartean-tartean, geldialdiak eginda, eta minutuek aurrera egin ahala, lotsak alde batera lagatzen joan dira.
Ikastolako jantokia izan dute bilgunea bazkaritan, eta bazkal ostean, iluntzeko orduak arte aritu dira kantuan eta dantzan. Lehiaketa bat tarteko, hiru taldetan banatuta abestu behar izan dituzte Ein Gokoek adierazitako abestiak. Erdira aterata abestu dute, peluka eta osagarriak soinean. Artistarik ez da falta izan agertokian, eta aulkian lasai-lasai lagunen emanaldia ikusten geratu denik ere ez. Ondo baino hobeto pasatzea izan da jaso duten saririk onena.