Mugimendu Feminista: "Oinarritik dena aldatzeko gabiltza lanean, eta holan jarraituko dugu, denok aske izan arte"
Indarrak batu, antolatu eta borroka feminista egitera deitu du Lea-Artibaiko Mugimendu Feministak Ondarroan egin den manifestazioan. Berba hutsak alde batera utzi, eta euskal lurraldeetako gobernuei eskatu diete mugimendu feminista entzun dezaten.
Kaleak hartu dituzte beste behin, martxoaren 8an, emakumeek. More kolorea gainerako koloreei nagusitu zaie, eta egun honetan eta gainerakoetan ere kalera irteteko milaka arrazoi daudela esan dute ozen. Matxismoagaz amaitzeko premia eta desioa adierazi dute ume, gazte eta nagusiek. Emakumeek eta gizonezkoek. Guztiek batera.
Etxelila Emakumin Topalekuan hasi du manifestazioak ibilbidea 13:00ak jo eta segituan. Turrunek iragarri dute mobilizazioaren hasiera. Ordurako, oinez zein autokarabanetan eskualdeko gainerako herrietatik etorritako ehunka eta ehunka herritar zeuden bertan. Antolatu indarrak, batu borroka feministara pankarta buruan zutela ekin diote Alamedarainoko bideari, Andrabanda feministaren erritmoei jarraituz. Nasa kalera ailegatzerakoan, berriz jo dute turrunek: arraunlariek eman diete orduan ongietorria manifestariei, arraunak gora zituztela.
Eta Alamedara ailegatuta, Andrabandaren saioa, bertsoak,… eta Lea-Artibaiko Mugimendu Feministaren irakurketa. “Greba feministetatik greba orokorrera jauzi egin genuen, eta gaur, berriro ere historia idatzi dugu. Zorionak Lea-Artibai”. Azken bi urteetan mugimendu feministak mobilizatzeko eta antolatzeko erakutsitako gaitasuna goraipatu dute, greben arrakasta mugimenduarentzat estimulu handia izan dela aipatuz. Euskal Herriko V. Jardunaldi feministak ere hortik jaio zirela gogoratu dute, “parte hartze handiagaz” jaio ere. Gogoratu dute gaur 20 urte bete direla Emakumeen Mundu Martxa plataformak mundu mailako lehen ekimena egin zuenetik. “Aurten ere Bizitzeko erresistitzen dugu, eraldatzeko martxan gaude lelo orokorraren barruan Nazioarteko V. Ekintza antolatu da mundu mailan. Bai grebek, jardunaldiek edota egunerokotasuneko ekintza txikiek denon artean gogoeta egin, indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko balio digute”.
Feminista izatea ez dela berezkoa, egin egiten dela adierazi dute, sustraietatik, praktikan eta era kolektiboan. “Beraz, denok ez gara feministak. Ez da eraldatzaile izango betiko rolen, politiken eta esplotazioen edota aberastasunen banaketaren barruan izandatzen den feminismoa, erosoa izan ahal den arren. Guri horrek ez digu balio, ez eremu mikroan ezta eremua makroan ere”.
Emakumeek zaintza lanei astean 20 ordu gehiago eskaintzearen eta bataz beste %30 gutxiago kobratzearen atzean, zaintza lan ikusezinak eta soldata arrakala daudela eta horren erruduna sistema kapitalista dela salatu dute: eredu familiarista bat eta ongizate estatu sexista bat. “Erakunde patriarkal eta neoliberalak daude horren atzean, eta horren guztiorren onuradun nagusiak patronala, burgesia eta patriarkatua erreproduzitzen duten gizonezkoak. Oinarrian, beraz, indarkeria matxista da, mendeetan menpean eduki gaituen indarkeria”.
Naizeni ahotsa ematen. Elaxar Lersundi Naizen transexualen elkarteko kide ondarrutarra izan da turrunak jotzearen arduraduna. Ohore bat izan dela adierazi du sare sozialen bidez, ohora bat emakume transexual eta zisgeneroen egunean turruna jotzea.
Nahi izatea, ahal izatea. Horren guztiorren aurrean, batasuna aldarrikatu dute. Batasuna eta antolaketa eguneroko borrokak aurrera eramateko. “Berdintasun formaletik haratzagoko emakume, trans eta bolleren antolaketa bultzatu behar dugu, komunitate feminista konprometitu bat eraikitzeko”. Horretarako, kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez presioa egin behar dela esan dute, emakumeen arteko sare egonkorrak sortuz. “Eskualdean ere bagabiltza apurka-apurka herri desberdinetako feministok saretzen, elkar entzuten eta elkarregaz dinamika desberdinak aurrera eramaten. Batuta askoz gehiago garelako, eta izango garelako! Azken batean, bizitza erdigunean ipintzeak batzen gaitu, eta horrek iraultza erradikala dakar, eta ondorioz, askoren pribilegio eta botere ekonomiko, kultural eta sozialen galera”.
Egunez egun eta benetako berdintasun bat lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa plazaratu dute, norbere gorputzerako eskubidea, sexu eta ugalketa eskubideak, aniztasuna eta sexu askatasuna defendatzen jarraitzeko konpromiso irmoa. “Eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboei aurre egiten ere jarraituko dugu, gure gorputzetan eta lurraldean erabakitzeko burujabetza eta feminismoa behar ditugu. Oinarritik dena aldatzeko gabiltza beharrean”. Eta horrela jarraituko dute martxoren 8an eta urteko gainerako egunetan. Aske izan arte, borrokarako deia egin diete berdintasuna nahi duten guztiei.
Bestalde, herrian egin zuten manifestazioa lekeitiarrek, eta erasoak sufritzen dituzten emakumeengan jarri zuten begirada. «Guk sisnisten zaitugu» mezua zabaldu eta sisisten ari diren horiei aurpegia jartzea izan zuten helburu. Horrez gain, erasoak salatzen dituzten emakumeak babestu eta zalantzari ezelako aukerarik ez ematearen beharra azpimarratu zuten.