Mateosek eta Abadek irabazi dute Mutrikuko Emakumezkoen Binakako I. Pala Txapelketa
Miruaitzen jokatu diren bi finalak oso estuak eta tanto borrokatuez betetakoak izan dira. Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrek bigarren amaitu dute lehia. Hirugarren postua Leire Elezgaraik eta Iraia Iparragirrek eskuratu dute.
Yolanda Mateos eta Nahia Abad elgoibartarrek jantzi dute Mutrikuko Emakumezkoen Binakako I. Pala Txapelketa txapela. Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrei 22-17 irabazi zieten domekan [martxoak 8] Miruiatz frontoian jokatu zen final handian.
Mutrikuko Neska Palistak elkarteak kideek nabarmendu dutenez, bi bikote finalistek partidu oso gogorra, estua eta lehiatua jokatu zuten. Bi bikoteak oso onak ziren, eta Miruaitzen batu ziren zaleen gozamenerako tanto luze eta ederrak jokatu zituzten. Finala ohikoa baino luzeagoa izan zen, gainera. Tantoak oso luzeak eta borrokatuak izan ziren. Elgoibartarrek hasieratik hartu zuten aurrea, eta bizpahiru tantoko abantailari eutsi zioten partiduaren lehen zatian. 11 tantona berdindu ere egin zuten, baina berriro aurrera hartu, eta irabazi arte tantoak batzen jarraitu zuten euren alde.
Aurretik, bestalde, hirugarren eta laugarren postuak norentzat izango ziren argitzeko partidua jokatu zuten. Leire Elezgarai mutrikuarra eta Iraia Iparragirre (Leire Fernandez ondarrutarraren ordez jokatu zuen) lasarte-oriarra eta Iratxe Astigarraga eta Monika Salegi debarrak batu zituen kantxan aurrez aurre. 22-19 irabazita Elezgarairentzako eta Iparragirrerentzako izan zen podiumeko azken postua. Partidu oso orekatua jokatu zuten; berdinketaz betea. 18na ere berdindu zuten, baina azken tantoetan aurre eginda irabazi zuten.
Jarraian sari banaketa egin zuten, eta txapelketako babesleek emandako oparien zozketa. Ekitaldia borobiltzeko, txapelketan parte hartu duten jokalari guztiak frontoian batu ziren, eta talde argazkia atera zuten kamiseta gorriak soinean.
Norgehiagoka urtarrilaren 26an hasi zen, eta antolatzaileek adierazi dutenez Mutriku, Ondarroa, Berriatua, Deba, Elgoibar, Azkoitia, Hernani, Lasarte-Oriako palistek parte hartu dute txapelketan; hamalau bikote denetara. Finala amaitu ondoren oso pozik agertu ziren antolatzaileak. “Harmailak jendez bete-bete eginda egon ziren. Denbora luzea da Miruaitz modu horretara beteta ikusten ez genuela”.