Berriatuko eskolako gurasoak kexu dira barrakoietan aterperik ez dagoelako
Udalari aterpe bat edo antzerako zer edo zer jartzeko aukerak aztertzeko eskaera egin diote.
Berriatuko herri ikastetxeko guraso elkartea kexu da eskolan ipinitako barrakoietan aterperik ez dagoelako. Horren aurrean, udalari aukerak aztertzeko eta arazoari konponbidea emateko eskatu diote.
Zehaztu dutenez, hainbat guraso dira aterperik ez dagoelako kexatu direnak. “Euria egiten duenean, umeek ez dute inolako aterperik barrakoietan. Ikasleak, sarrera eta irteeretan, atea zabaldu eta inolako babesik barik aurkitzen dira”. Diotenez, ikasleek egunean sei aldiz sartu zein irten behar izaten dute barrakoietatik. Horren aurrean, euritik babesteko aterpe moduko zerbait edukitzea “beharrezkoa” dela deritzote.