Ihart-Eneritz eta Burne-Erika bikoteek irabazi dute Berriatuko III. Nesken Zesta Punta Txapelketa
Ihartek eta Eneritzek jantzi dituzte 1. mailako txapelak, eta Burnek eta Erikak 2. mailakoak.
Berriatuko III. Nesken Zesta Punta Txapelketaren finalak hartu zituen Mendibarrenek zapatuan [matxoak 7]. Ihart -Eneritz (Sopela/Mutriku) bikoteak irabazi zuen 1. mailako finala eta Burne eta Erika markina-xemeindar bikotea nagusitu zen 2. mailakoan.
Erikak eta Burnek Lur eta Fridaren (Markina-Xemein/Zumaia) kontra lehiatu zuten 2. mailako finala. Hasiera lehiatua izan zuten, baina, gero, abantailagaz gailendu ziren; 25-13 nagusitu ziren.
1. mailakoen finala izan zen azkena, Maite-Arai (Zumaia/Markina-Xemein) eta Ihart-Eneritz bikoteen artekoa, hain zuzen. 25-19 irabazi zuten. “Pare-parean joan ziren, baina partiduaren erditik aurrera erraz egin zituzten tantoak. Partidu polita izan zen, oso lehiatua eta peloteo luzeekin”, azaldu dute Berriatuko Zesta Eskolaren arduradunek.
Frontoian jende asko elkartu zela eta giro polita eduki zutela azpimarratu dute. “Hirugarren urtea izan da, eta urtero-urtero ondo joan da, denok oso gustora egon gara. Nesken aukera asko ez daukate halako txapelketak denen artean jokatzeko eta datorren urtean ere jokatzeko desiatzen daudela esan digute”.
Finalen aurretik, baina, kinielak jokatu zituzten. Lehenengo, txapelketa lehiatu duten eta finaletatik kanpo geratu diren 1.mailako eta 2. mailako puntistak kantxaratu ziren. Hiru bikotek jokatu zituzten eta Elenak eta Elaiak irabazi zuten lagunartekoa. Ondoren, umeen kinielaren txanda izan zen eta Mara eta Maia gailendu ziren; ume denek jaso zituzten garaikurrak. Aurten 3. mailako haurren txapelketa ez da lehiakorra izan, eta horregatik, guztiek jokatu dute txapelketa osoa eta denentzat sari bera egon da.
*Argazkiak: Berriatuko Zesta Eskola