Zaldibarko gertakaria argitzea eskatzeko giza katea egingo da Markina-Xemeinen
Eskualde mailako deialdia egin dute Zaldibar Argitu plataformak eta eskualdeko eragileek. Zelaian egingo da mobilizazioa eguenean [martxoak 12].
Senideei elkartasuna helarazi eta Zaldibarko zabortegiko hondamendia argitzea eskatzeko ekimenek jarraipena izango dute aste honetan ere. Zaldibar Argitu plataformak antolatuta, giza katea egingo da eguenean [martxoak 12] 19:00etan Markina-Xemeingo Zelaian. Aste honetan eskualdeko eragile ezberdinekin batera antolatu dute mobilizazioa, eta eskualde osoko bizilagunei dei egin diete bertan parte hartu dezaten.
Aurreratu dutenez, panel bat ere jarriko dute Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilagunak eta Joaquin Beltran Zallakoak Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren azpian desagertuta daramaten denboragaz. Aulestirako biribilgunean jarriko dute kontaketa panela. Biribilgune horretan elkarretaratzea egingo du gehiengo sindikalak eguenean, 12:00etan.
Bestalde, Zaldibarko zabortegian jazotakoaren inguruko mozio bat aurkeztu dute senideek Markina-Xemeingo Udalean, eta osoko bilkura berezi bat eskatu dute. Azaldu dutenez, datorren aste hasieran izatea espero dute bilkura berezi hori.
Beste alde batetik, Markina-Xemeingo EAJk Zaldibarko ezbeharraren aurreko komunikatu bat kaleratu zuen zapatuan [martxoak 7] Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiei, lagunei eta ingurukoei samina eta gertutasuna erakutsiz: “Zaldibarko hondakinen zabortegiko ezbeharra gertatu zela hilabete igaro den honetan, Markina-Xemeingo EAJtik Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiei, lagunei eta ingurukoei gure samina eta gertutasuna erakutsi nahi diegu. Horrez gain, zabortegiko jabe eta kudeatzaileei erakunde publiko eta giza eragile guztiei eskatzen diegu Alberto eta Joaquin aurkitu arte beharrezkoak diren baliabide denak jarri eta aurkitu arte ez daitezela lanak gelditu”.
Lanuztea. Eguenerako deitu du Zaldibar Argitu plataformak hiru orduko lanuztea ere. Verter Recyclingen luizia gertatu eta hilabetera gauza gehiegi argitzeke daudela diote, eta, hori salatzeko, hiru orduko lanuzte herrikoi bat antolatu dute Eibarren (Gipuzkoa), Ermuan (Bizkaia), Zaldibarren (Bizkaia), Elgetan (Gipuzkoa) eta Mallabian (Bizkaia), 12:00etatik 15:00etara. Herri bakoitzean manifestazioa egingo dute 12:30ean, eta arratsaldean, bateratu bat, 19:00etan, Eibar eta Ermua arteko biribilgunetik irtenda.
Horrez gain, esparru akademikoko eta kultur arloko 84 pertsona ezagunek Zaldibar argitu, ereduaren agortzea agerian izeneko agiria plazaratu dute. Idazkiagaz, mahai gainean jarri nahi izan dute Zaldibarko zabortegian jazotakoa ez dela inguruko herrietako biztanleei soilik eragiten dien kontua: «Geure gizartearen zein ingurumena kudeatzeko indarrean dagoen ereduaren agortzea agerian jarri du». Sinatzaileak EHUko irakasle eta kultur arloko eragileak dira batez ere. Arazoari aurre egiteko, «trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialaren» beharra aldarrikatu dute.