Aurrekontuaren 408.000 euro inbertsioetara bideratzea proposatu du Mutrikuko EAJk
Kopuru hori guztia 11 puntutan inbertitzea proposatzen dute jeltzaleek. Inbertsiorik handiena San Agustin kalean egin behar dela diote.
Mutrikuko udalean ordezkaritza duten hiru alderdiak 2020ko aurrekontuari buruzko bilerak egiten ibili dira egunotan, eta eguenean [martxoak 12] Mutrikuko udalbatzaren osoko bilkuran eztabaidatuko dituzten gaien artean aurrekontua ere izango dute hizpide. 19:00etan hasiko da osoko bilkura, eta jeltzaleek dituzten proposamenak jakitera eman dituzte. Inbertsioetara, guztira, 408.000 euro bideratzea planteatzen dute.
Jeltzaleek, hain zuzen ere, kopuru hori guztia 11 puntutan inbertitzea proposatzen dute. “Udal gobernuak aurkeztutako zirriborroari gure ekarpenak egin dizkiogu. Bihar egingo da osoko bilkura, eta bertan ikusiko dugu gure eskarietako zenbat hartu dituzten kontutan. Proposatu ditugun neurriekiko adostasuna agertu dute. Aurkeztu dugun ia denarekin bat egiten dutela esan digute, baina euren aldetik proposamen zehatzik ez dugu jaso”.
Kopuruaren ia laurdena San Agustin kalea eraberritzeko izatea nahi dute. Horretarako, 90.000 euro inbertitzea eskatzen dute. Era berean, Atxitxin jaitsierako eskailerak berritu behar direla diote, eta horretarako, 45.000 euroko partida bideratzea proposatu dute. “Aurreko agintaldian horiek berritzen saiatu ginen, baina ez genuen nahikoa babesik jaso. Oposizioko alderdiek ez zituzten ontzat eman, eta ezin izan genituen burutu. Hauteskunde programan jaso genituen, eta eskaera egiten jarraitzen dugu. San Agustin kalean nahikoa arazo sortzen dira: espaloiak oso estuak eta irregularrak dira, eta batez ere, oinezkoek arazo asko izaten dituzte ibilgailu artean ezin pasata ibiltzen direlako. Galtzada guztia maila berean ipini, eta oinezkoei lehentasuna ematea proposatzen dugu”.
Beste neurri batzuren artean, arraun taldearentzat lokala erostea eta Arbeko zabalgunean komun publikoak ipintzea ere planteatzen dute. Horretarako 50.000 euronako inbertsioa egitea eskatu dute. “Pasealekuan jende asko dabilela kontuan hartuta, komunak eta bestelako zerbitzuak ipini beharra dagoela iruditzen zaigu”. Zabiel kultur etxeko Ganbara eraberritzeko, berriz, 40.000 euro inbertituko lituzketela esan dute. Plaza txikiko haur parkea berritzeko beste 35.000 euroko partida bideratzea proposatzen dute. “Iaz liburutegia berritu zen, eta orain Zabielgo Ganbara eraberritu beharra dagoela iruditzen zaigu. Plaza txikiko haur parkean oso zaharkituta dauden jolasak berritu nahiko genituzke”.
Herriko jauregien aurrealdeak garbitzeari ere garrantzia ematen diote EAJko zinegotziek. Horretarako 30.000 euroko partida bideratzea proposatzen dute. Hondartzan behin-betiko kantina egin eta Denticineko inguru guztia eraberritzeko proiektuak egitea komeni dela ere deritzote. Proiektu bakoitzean 20.000 euro inbertitzea planteatzen dute. “Iazko udan estreinako kantina mugikorra ipini zen. Eremua aurretik garatu gabe eta zerbitzurik gabe egon da, baina behin-betiko eraikina egin behar da. Denticineko eraikina iaz eraitsi zen. Hesituta dagoen eremu horretan atzean dauden etxeentzat irisgarritasuna hobetu eta espazio hori antolatu egin behar da”.
Era berean, hilerriaren atzealdean kolunbarioak ipini eta zorua eraberritzeko beste 20.000 euroko partida inbertitzea eskatzen dute. Proposatu dituzten 11 neurrietan azkena hondartzako pasealekuan hirugarren adinekoentzat ariketa fisikoa egiteko aparatuak ipintzea planteatzen dute; horretarako 8.000 euro bideratzea eskatu dute.