Hiru domina lortu ditu Ondarroako Artibai Judo Taldeak Gipuzkoako Txapelketan
Laia Riosek eta Manex Basurkok Euskadiko Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu dute. Txiki mailako 57 kilo eta 50 kilo azpiko kategorietan parte hartuko dute, hurrenez hurren.
Asteburuan Zarauzko Aritzbatalde frontoian jokatutako txiki eta kadete mailako Gipuzkoako Txapelketan parte hartu dute Ondarroako Artibai Judo Taldeko zazpi judokek, eta hortik hiru dominekin bueltatu dira etxera. Luis Ferreño taldeko arduradunak jakitera eman dutenez, domina guztiak txiki mailan lortu dituzte: bi zilarrezko eta brontzezko bat.
Laia Riosek eta Manex Basurkok, hain zuzen, zilarrezko domina bana lortu zuten euren pisuetan. Riosek 57 kilo azpikoetan eta Basurkok, berriz, 50 kilo azpietan. Bi judokek, gainera, Euskadiko Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu dute. Aldaketarik ezean, martxoaren 28an jokatuko da norgehiagoka, Gasteizko Arriaga kiroldegian. “Koronabirusaren kontuagatik txapelketa atzeratu egingo dela uste dugu”.
Naia Peña, berriz, brontzezko dominagaz bueltatu zen; 48 kilo azpiko kategorian parte hartu zuen. Txiki mailako Mikel Goikoetxeak eta Oier Zelaiak ere txapelketa oso ona egin zutela azpimarratu du Ferreñok. Lehen hamar onenen artean geratu ziren 38 kilo eta 55 kilo azpiko kategorietan, hurrenez hurren.
Eñaut Bernedo eta Danel Irusta judokek, ostera, kadete mailan parte hartu zuten. Biak ala biak lehen urteko kadeteak dira. Taldeko arduradunaren esanetan, “ez zuten zorte handirik” eduki. “50 kiloz azpiko eta 60 kiloz azpiko kategorietan parte hartu zuten, hurrenez hurren. Lehen bi txandetan kaleratu zituzten. Helburua maila horretan esperientzia hartzea da; etorkizunean etorriko dira emaitza onak”.
Artibai Judo Taldeko gaztetxoek lehiarik lehia jarraitzen dutela iragarri du Ferreñok. Martxoaren 21ean Huescan (Aragoi, Espainia) jokatuko den Espainiako Kopako zirkuituaren jardunaldian parte hartzeko asmoa dute. “Gipuzkoako txapelketan parte hartu duten txiki eta kadete mailako judokek parte hartuko dute txapelketan, eta eurekin batera Aritz Bernedo ere joango da. Maila handiko aurkarien aurka borrokatu beharko dugu. Jardunaldia, hortaz, esperientzia hartzeko ondo etorriko zaigula uste dut. Hori bai, korobirusa dela eta, baliteke txapelketa ez jokatzea ere”.