Minbizia duten umeei laguntzeko azoka solidarioa egingo dute Markina-Xemeinen
Berakruz ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak dira azoka antolatu dutenak. Barikuan [martxoak 13] egingo dute, Zelaian.
Azokaren logoa. Irudia: Berakruz ikastola. Markina-Xemeingo Berakruz ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek minbizia duten umeei laguntzeko azoka solidarioa egingo dute barikuan [martxoak 13], 18:30etik 19:00etara, Markina-Xemeingo Zelaian, ikastolaren parean.
Berazoka izenburua jarri diote azokari, eta horrelako zer edo zer egiten duten lehenengo aldia dela esan dute. «Gure bigarren ebaluaketako lana ikusi ondoren pentsatu genuen horrelako zerbait egitea», esan dute.
Oro har, askotariko materialak salduko dituztela esan dute, eta janaria ere egongo da. «Zozketa ere egingo dugu. Horretan, Beñat Etxebarriak sinatutako kamiseta bat, Andoni Aretxabaletaren kamiseta eta pilota bat eta Txus Jaioren sinatutako lau argazki zozkatuko ditugu». Batzen duten dirua La Cuadri del Hospi elkarteari emango diotela esan dute.
Herritarrei azokara hurreratzeko eta parte hartzeko eskaera egin diete ikasleek. «Minbizia duten umeek ez dute gure moduko zortea. Azokara etorri eta zer edo zer erosita, herritarrek asko lagundu ahalko diete minbizia duten umeei».