Ainhoa Elordi: "Niretzako botikarik onena idaztea da; hor botatzen dut dena"
Duela bi urte ‘Bizipenen olerki bilduma’ argitaratu zuen olerkigile lekeitiarrak. Argitalpen haren arrakasta eta gero, orain, ‘Bizirik nagoelako’ bigarren olerki bilduma argitaratu du.
Zergatik jarri diozu Bizirik nagoelako izenburua bigarren argitalpenari?
Azken boladan osasun aldetik zertxobait urduri ibili gara familian. Ez da ezer larririk izan, baina burukomina eduki dugu, batez ere nik. Horrek hausnartzeko aukera ematen dizu. «Zer gertatuko litzateke zerbait larriagoa helduko balitz? Nire seme-alabak zein egoeratan geratuko lirateke?» eta tankerako galderak etortzen zaizkizu burura. Nik badakit ni barik ere munduak aurrera jarraituko duela, nire ingurukoek aurrera egingo dutela. Baina galdera horiek guztiak burutik pasatu egiten zaizkizu. Heriotzaren inguruan hausnarketa egiten hasi nintzen, eta horiek guztiak olerkietan islatzen. Azkenean ondorio batera heldu nintzen: Heriotzari ez diodala beldurrik. Etortzen denean etorriko da.
Beraz, hausnarketa horien guztien ondorio da bilduma.
Bai. Hausnarketa horien guztien ondorioa da bilduma. Eta esan nahi dudana da ez nagoela prest nire seme-alabak agurtzeko, baina bai ni joateko. Nireari ez diot beldurrik.
Zelan ailegatu zitzaizun bigarren liburua argitaratzeko proposamena?
Lehenengoa egin nuenean, hainbat olerki nituen oraindik argitaratu barik zeudenak. Gehiago sartu nahi nituen, eta ez zidaten utzi. Hurrengo baterako uzteko esan zidaten. Eta gero etorri zen bigarren argitalpena egiteko proposamena.
Eta bigarren lana ere zure bizipenetan oinarrituta dago.
Idazten dugun guztiok nola edo hala gure bizipenetaz baliatzen gara idazteko. Modu batera edo bestera, guri gertatzen zaizkigun gauzak modu zuzenago batean edo zeharka, baina idatzi egiten ditugu.
Heriotzaren gainean dagoen tabua apurtu nahi izan duzu?
Bai. Heriotza bizitzaren parte bat da. Jaiotzen garen momentutik epe bat daukagu. Hori ezin dugu alboratu ez ukatu. Osasunagaz lotutako zer edo zer gertatzen zaigunean jabetzen gara horretaz. Bizitzako momentu batzuk daude zeinetan komeni den gelditzea eta horretaz hausnartzea.
Lehenengoan ez modura, oraingoan ilustrazioren bat edo bestek laguntzen diote idatziei.
Bai, nire iloba Eneko Arruzak egin ditu marrazkiak.
Zure olerkiek zu hobeto ezagutzeko tresna izaten jarraitzen dute?
Bai, eta oraingoan modu sakonagoan. Inoiz ez naute guztiz ezagutuko, baina nik neure burua ere ez. Izan ere, inoiz heltzen gara geure burua guztiz ezagutzera? Bizipenak eduki ahala, horien aurrean nola jokatzen dugun ikusten dugu. Eta horrek norbere burua hobeto ezagutzen laguntzen du.
Hausnarketak olerkietan islatzeak zertan lagudu dizu zuri?
Aurreko liburuan ere esan nuen. Niretzako botikarik onena da idaztea. Hor botatzen dut dena. Paracetamol bat baino hobea da. Triste nagoela? Idatzi egiten dut. Agian ideia solteak edukitzen ditut, baina gero horiek guztiak uztartzen joaten naiz. Orain, akaso, lehen baino gehiago pentsatzen dut. Lehen dena ia bapatean idazten nuen. Orain, ostera, idatzi, irakurri, horren inguruan pentsatu… egiten dut. Gero nire ilobari bidaltzen diot, eta bi marrazki egiteko esaten diot, nik olerkiagaz esan nahi dudana eta berak jasotzen duen mezua berdinak diren edo ez jakiteko.
Bera da termometroa…
Bai. Bi bidali nizkion, eta oso ondo islatu zuen nik esan nahi nuena. Euretako bat ikusi nuenean negarrak ere irten egin zidan.
Kolaborazioa egiteko proposamena zuk egin zenion?
Bai. Aurreko liburuan faltan bota nituen irudiak. Nik ez ditut egoki ikusten hainbeste marrazki olerki bilduma batean, baina bai trazo batzuk. Beraz, oraingoan sartu egin ditut. Ilobak bi egin ditu: lehen hezkuntzako 3,4,5 eta 6. mailako umeentzako nik idatzitako maitasun desberdinen inguruko ipuin bati, eta olerki bati.
Valentziako irrati kate batekin ere kolaboratzen duzu. Zelan ba?
Sorpresa bat izan da. Alfons Navarret olerkilari eta irakasle valentziarra da. Tarteka Amorotoko nekazal etxe batera etortzen da. Nire kide batek niri buruz hitz egin zion, eta nigaz jarri zen harremanetan. Olerki batzuk bidali nizkion, gaztelaniara itzulita. Eta berak Valentziako Burjassot Radion egiten duen Mar de muses saioan parte hartzeko proposatu zidan. Tarteka egiten ditut kolaborazioak. Emakume idazleren baten inguruko olerkia irakurtzen dut, eta gero horren inguruan hitz egiten dugu ordu erdi batez. Olerki batzuk itzultzeko ere eskatu zidan, eta horiek Valentziako aldizkari batean argitaratuko dira.
Olerkiak beti euskaraz idazten dituzu?
Gaztelaniazko batzuk ere baditut. Baina euskara nire ama hizkuntza da. Sentimenduei buruz idazteko norbere ama hizkuntza behar da, barrutik irtetzen du.
Eskerrak hau dena uste-uste barik hasi zen. Nahi izanda izango balitz…
Akaso orduan gauzak ez lirateke gertatu diren bezala gertatuko.
Lehenengo bildumak edukitako arrakastak presio puntu bat ere suposatzen dizu?
Bai, baina hori ona da. Bestela erlaxatu egingo ginateke. Beti eduki behar dituzu erronka berriak, eta presio puntu batek martxan egoten laguntzen dizu.
Duela hamabost egun argitaratu zen bigarren bilduma. Momentuz nola doa?
Dakidanera arte, oso ondo. Liburu dendek esan dute ondo doala. Gero ale batzuk nik ere edukitzen ditut, baina dagoeneko gutxi geratzen zaizkit. Ez dakit aurkezpenera eramateko justu ez naizen ibiliko.
Emaitzagaz pozik zaude?
Oso pozik. Eta asko ikasi dut. Emakume idazleen mahai inguru batean parte hartu nuen iaz Lekeition, eta tartean Miren Agur Meabe ere bazegoen. Nik berataz asko ikasten dut. Berak daukan hizkuntza oso aberatsa da. Baina nire asmoa ez da horretara heltzea.
Bigarren bildumaren aurkezpena datorren astean egingo duzu, Lekeition.
Bai, kultur etxeko Azkue aretoan, duela bi urteko leku berean. Aurten, baina, aurkezpena bestelakoa izango da. Margolari bat egongo da, musika, irudiak… Nire ilobak ere parte hartuko du. Gero, olerkiak nire lagunek, ikasleek… irakurriko dituzte. Aurrekoa baino asko sentikorragoa izango da. Mimo gehiagoz prestatutako aurkezpena izango da.
OHARRA: Koronabirusa saihesteko hartutako neurriak direla eta, aurkezpena bertan behera geratu da.