Alberto eta Joaquin zenbat egunez falta diren gogorarazi dute Markina-Xemeinen
Taula bat jarri dute senideek Goiko Portalean, desagertuta daramaten egunekin. Protesta Zaratasua egin du gehiengo sindikalak goizean, Aulestirantzako biribilgunean.
Gaur arratsaldean [martxoak 12] Markina-Xemeinen egitekoa zen eskualde mailako giza katea atzeratzea erabaki du Zaldibar Argitu plataformak. “Azken hilabete honetan esan dugun moduan, gure osasuna eta bizitzak erdigunera ekartzea da gure helburua, eta arduraz jokatu nahi dugu oraingo honetan ere, koronabirusa dela eta”, adierazi dute. Hala ere, Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizlagunaren senide eta lagunak Goiko Portalean elkartu dira, eta Alberto eta Joaquin zenbat egunez falta diren gogorarazteko taula bat jarri dute. Karmengo elizaren ondoko panel elektronikoan jarri duten taula eguneratzen joango dira, baina ahal den arinen kendu nahi dutela azpimarratu dute.
Arratsaldeko ekimenak bertan behera geratu badira ere, gehiengo sindikalak deituta protesta zaratatsua egin da goizean Aulestirantz joateko dagoen biribilgunean. Eibar, Mallabia, Ermua, Elgeta eta Zaldibarren egin duten hiru orduko lanuzteagaz bat egin nahi izan dute, eta biribilgunean jarri dute beharginek desagertuta daramaten denbora jakinarazten duen pankarta. Hilabete baino gehiago daramate Albertok eta Joaquinek desagertuta, eta Alberto Markina-Xemeingo herritarra izanik Lea-Artibain ere protestarekin bat egin behar zela ikusi dute sindikatuek. Horregaz lotuta, gainera, lan istripuak eta langile heriotzak ere salatu dituzte.
Azaldu dutenez, urtea hasi zenetik 16 langile hil dira eta bi desagertuta daude. 10 urtetan 578 hil dira lan istripuz, eta 10.404 lanak eragidako gaixotasunekin. “Hau onartezina da; lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko eskubidea daukagu. Zoritxarrez zabortegi gehiegi dago langileen odolagaz eginda, eta arduradun gutxiegi aurpegia ematen”.
Sindikatuen iritziz, Zaldibarren gertatutakoak erakusten du sistema hau zenbaterainoko den zitala eta bortitza langileentzat. “Gutxi batzuen diru gosean eta langile eta herritarron prekarietatean oinarritzen den eredu baten ondorioa da”.
Beharginak lanetik etxera itzultzeko eskubidea dutela azpimarratu dute, “onik eta bizirik”, eta eskubide horri ez diotela “inolaz ere uko egingo”. Hori dela eta, “sarraski horri” aurre egiteko, antolatu eta borrokatzeko deia egin dute. “Beste horrelako gertakaririk ez dugu nahi. Hartu dezatela behar diren neurriak Zaldibar argitu eta sarraskitzen gaituzten lan istripu eta lan gaixotasunak ekiditzeko”.