Azken hilketa matxistak salatzeko batu dira Ondarroan
Abanton hildako bi emakumeak indarkeria matxistagatik aurten hildako lehendabizikoak dira
Asteon Abantoko bi emakumeren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo [martxoak 12] Ondarroako Alamedan. Ondarroako Emakumeen Udal Kontseiluak deitutako mobilizazioan jende asko batu zen. Tartean, udal ordezkariek ere parte hartu zuten. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak, esaterako, udalaren adierazpena irakurri zuen. Gogor gaitzetsi zituzten bi hilketak, Emakumeen kontrako indarkeriak ez lelopean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko beste hainbat herritan ere antzeko protestak egiteko asmoa zuten atzo, baina koronabirusa saihesteko neurrien artean, bertan behera geratu ziren protestetako asko.
Eguazten [martxoak 11] eguerdian etxean hilda aurkitu zituzten indarkeria zantzuak zituztela Miren Ugalde eta haren alaba Paola mendez. Ertzaintzak ordu gutxi beranduago atxilotu zuen Ugalderen bikotekideari eta Mendezen 60 urteko aitari egotzi dizkio hilketak. Abanton hildako bi emakumeak indarkeria matxistagatik aurten hildako lehendabizikoak dira, eta, haiekin, 2003tik 104 emakume dira jada Euskal Herrian hildakoak.