Auzolana oinarri hartuta, boluntario sareak antolatzen hasi dira herrietan
Momentuz, Amoroton, Aulestin, Ondarroan, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutrikun, Berriatuan eta Mutrikun ari dira antolatzen boluntario sareak. Udalak, Lea-Artibai Amankomunazgoagaz elkarlanean, beharrizan gehien dituzten herritarren kasuak aztertzen ari da Gurutze Gorriagaz koordinatuta erantzun bat emateko.
Bizitzak erdigunera lelopean, beharrizana dutenei erosketak egiten laguntzeko boluntario sareak antolatzen hasi dira herrietan. Lea-Artibain eta Mutrikun, esaterako, Ondarroan, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Mutrikun hasi dira taldeak antolatzen. Markina-Xemeingo Udala eta Lea-Artibai Amankomunazgoa ere, Gurutze Gorriagaz koordinatuta, beharrizan gehien dituzten herritarren kasuak aztertzen ari dira erantzun bat emateko.
- Aulesti: Zaintza sarea udalak eta gazte asanbladak osatu dute, elkarlanean. Erosketak egiteko beharra duten edota botikaren bat behar dutenek ondoko telefono zenbakira deitu ahal dute: 688 65 58 13.
- Amoroto: Udalak bultzatuta, laguntzaren beharra duten herritarrek ondoko telefono zenbakira deitu ahal dute: 621 22 64 41. Erosketak egiteko languntzaz gain, egoeraren inguruko informazioa eta hartu beharreko neurrien inguruko azalpenak ere emango dituzte.
- Berriatua. Berriatuako Udalak adindun eta pertsona zaurgarrientzako erosketak egiteko zerbitzua jarri du martxan. Kontaktuan jartzeko telefono zenbaki bi jarri dituzte herritarren eskura: 946 13 70 30 eta 635 75 37 06.
- Ondarroa: zaintza dinamika auzolana ipini dute abian. Koronabirusak sortutako larrialdi egoera aurrean, pertsona nagusiak eta kalera irtetzeko zailtasunak dituztenentzako dinamika da. Gaur [martxoak 16] goizean koordinazio mahaia batu da. Bertan, udal ordezkariak, Artibai egoitzako eta osasun etxeko arduradunak, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzten enpresako arduradunak eta udal langileak batu dira. Erabaki dute boluntario sarea ez dela herri mailakoa izan behar. Boluntario sareak norbere bizitokiaren arabera antolatzea egokiagoa ikusten da. “Laguntza eskaini dezaketenek auzotarrei eurei laguntza eskaintzea izango da onena. Batetik, jende ezezagunak sortu dezakeen deskonfiantzan ez erortzeko eta jendea ere ahalik eta gutxien mugitzeko”. Bestalde, Ondarroako Udala ere Udalbarriak berezi bat dago idazten, bi orrikoa. “Argitalpen berezi hori etxez etxe banatuko da eta datozen egunetarako oharrak jasoko dira bertan”. Auzokoei laguntzeko eskaera luzatzeaz batera, udalak laguntzaren beharra dutenentzako telefono zenbaki bat ere ipini du: 608 22 97 95.
- Markina-Xemein: Beharrizana dutenei erosketak egiteko sarea antolatzen ari dira, herrigunean zein auzoetan. Sarera herri mugimenduko kideek, gazteek eta feministek bultzatu dute. Zehaztu dutenez, erosketak egiteko zerbitzu hori astelehenetik barikura bitartean eskainiko da, 10:00etatik 13:00etara. “Banaketa arratsaldez egingo da”. Interesatuek ondoko telefono zenbakira deitu behar dute: 676 04 02 98. “Zerbitzua ondokoei zuzenduta dago: etxean bakarrik bizi direnei, adinez nagusi direnei, kalera irteteko zailtasunak dituztenei edota herrigunera jaisteko gaitasunik ez dutenei”. Bestalde, Markina-Xemeingo Udala, Lea-Artibai Amankomunazgoagaz elkarlanean, beharrizan gehien dituzten herritarren kasuak aztertzen ari da Gurutze Gorriagaz koordinatuta erantzun bat emateko. Boluntarioak elkartu nahi dituzte jarraipen deiak egin, loteak prestatu eta janari eta medikamentuak banatzeko. Sare bidezko formakuntza jasoko dute boluntarioek lanean hasi aurretik. Boluntario modura ari nahi duenak Markina-Xemeingo udaletxean, 94-616 74 54 telefono zenbakira deituta edo udala@markina-xemein.eus helbidera idatzita eman dezake izena.
- Munitibar: Herritar talde bat Auzolan sarea osatzen dago. Beti ere osasun-jarraibideak errespetatuz, eta ahal den neurrian bizilagunei laguntzeko helburuarekin jardun nahi dute, bereiziki arrisku handiena duten edo premia bereziak dituzten pertsonei laguntzeko. WhatsApp edo Telegram bidez mezu bat bidaltzeko esan dute: 670 913 901.
- Lekeitio: Boluntario sareak erosketak egiteko zerbitzua eskainiko du. Funtzionamendua ere modu telematikoan izango dela esan dute, “segurtasun neurriak bermatzeko”. Momentuz sarea osatzen eta antolatzen ari dira. Beraz, boluntario izateko prest daudenei posta elektronikoa idazteko eskatu diete: lekittarrok.zaindu@gmail.com. Posta elektronikoan izen-abizenak, telefono zenbakia, helbidea eta disponibilitatea zehaztu beharko dira. Zerbitzua behar dutenek, ostera, 686 65 22 26 telefonora deitu beharko dute.
- Mutriku: Boluntario taldea sortu dute, adinekoei edota gaixotasunak dituztenei erosketak egiten laguntzeko, eta azpimarratu dutenez, martitzenetik [martxoak 17] aurrera martxan egongo da zaintza sareko telefonoa. Zerbitzua behar dutenek 679 16 25 07 telefonoaren bitartez egin dezakete erosketa edo babes eskaera. “Telefonoa ordutegi honetan egongo da martxan: 09:00etatik 12:00etara”.
 
								 
								
							 
					 
                    