Artxibatu egin dute Ondarroako Apustu Etxeen aurkako plataformako kideei ipinitako salaketa
Ondarroako Apustu etxeko arduradunek zortzi herritarri ipinitako salaketa kentzea erabaki dute. Salaketa artxibatzea albiste ona dela azpimarratu dute plataformako kideek.
Ondarroako Apustu etxeen eta joko makinen aurkako plataformako kideek jakitera eman dutenez, plataformako zortzi kideren aurkako salaketa artxibatu egin dute. Azaldu dutenez, Ondarroako Apustu etxeko arduradunek salaketa kentzea erabaki dute, “herritarrekin ez duelako arazorik eduki nahi”.
Gabonetan apustu etxearen aurka egindako ekintza bategatik epaiketa jakinarazpena jaso zuten; Olentzero mozorrotuta ikatza botatzearen derrigortze delitua leporatzen zieten guztiei. Apirilaren 15ean epaitu behar zituzten, Gernika-Lumoko lehen auzialdeko eta instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian.
Koronabirusarengatik konfinamendua ezarri ostean, plaformako kideek domekako [martxoak 15] prentsaurrekoa bertan behera utzi zuten, eta bideo baten bidez eman dituzte azalpenak. “Garrantzitsua iruditzen zaigu azken egunotan gertatu diren gertakariei buruzko hainbat azalpen ematea”.
Nabarmendu dutenez, albiste ona da salaketa artxibatzea. “Oso berri ona da. Plataformak aurrera eraman duen borroka, eta herritarren eta herriko eragileen babesari esker, abenduaren 24ko ekintzaren harira jaso genuen salaketa artxibatzea lortu dugu. Denon artean salaketa gelditzea lortu dugu. Argi utzi nahi dugu hau guztia plataformaren garaipen bat dela. Apustu etxeak salaketa ipini zuenetik hainbeste gauza antolatu ditugu. Besteak beste, herriari zer gertatu zen azaldu diogu”.
Hain zuzen ere, salaketa lantzen hasi ziren, euren esanetan ez zuelako zentzurik. “Beldurra alde batera utzi, eta honek guzti honek gure arteko harremana eta taldea indartzeko balio izan digu. Gainera, babes asko jaso dugu herritarren aldetik, baita herriko eragile ezberdinen aldetik ere. Eskerrik asko denoi”.
Azaldu dutenez, salaketa jaso ondoren herriko hemezortzi talderen atxikimendua jaso dute, eta bide horretan herritarren babesa oso garrantzitsua izan dela azpimarratu dute. “Geldirik jarraitu izan bagenuen, beharbada, epaiketara joango ginen. Baina denon artean indarrak batuta borroka irabazi dugula ikusi dugu. Baina argi utzi nahi dugu, edozelako salaketak, jazarpenak, errepresioak… ez gaituela ez beldurtuko ez geldituko. Borroka honekin aurrera jarraituko dugu, apustu etxea eta joko makinak herritik bota arte”.
Martxoaren 21erako antolatuta zituzten ekintza guztiak bertan behera ere geratzen direla esan dute, eta koronabirusagatik ezarritako konfinamendua amaitzen denean, atxikimendua eman dieten herriko taldeekin argazki erraldoia ateratzeko asmoa agertu dute.