Itxita dago Ondarroako hilerria
Neurria larrialdi egoeratik irten arte martxan egongo dela jakitera eman dute udal iturriek. Soilik hiletak daudenean zabalduko dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren gomendioei jarraituz, Ondarroako Udalak hilerria ixteko erabakia hartu behar izan duela jakitera eman du. Azaldu dutenez, neurria gaurtik [martxoak 17] aurrera egongo da abian, larrialdi egoeratik irten arte.
Azpimarratu dutenez, hilerria bakarrik hiletak daudenean zabalduko da. “Bakarrik senide eta gertuko lagunak sartu ahalko dira”. Erabakiaren helburua herritarren artean koronabirusa hedatzea saihestea dela esan dute, gainontzeko instalakuntza publiko guztien itxieragaz egin den modura.
Larrialdi egoerak irauten duen bitartean, gainera, bestelako neurriak ere abian ipini ditu udalak. Besteak beste, herriko igogailu publikoen ordutegia mugatu dute. Igogailuak 07:00etatik 22:30era egongo dira zabalik, eta nabarmendu dutenez, egunean lau bidar garbituko dituzte. “Bidaia bakoitzean, gehienez, bi lagun joatea gomendatzen da, metro eta erdiko distantzia mantenduz”.