Lekeitioko Letraukuan eraikitzekoak ziren gazteentzako apartamentuen proiektua bertan behera geratu da
Mendigune karstikoan Armintxe koba dago, eta eraikitze proiektua bideraezina dela ikusi dute.

Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, joan den asteko osoko bilkuran hartu zuten erabakia, eta horrela adierazi diote Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari. Hala ere, proiektu hori herriko beste toki batean gauzatu nahi dute. “Lekeitioko Udalak erabaki hau hartu du erantzukizuna duelako Lekeitioko gizarte ondarea babesteko, baina baita lanean jarraitzeko ere herriko gazte zein beste kolektibori etxebizitza alternatibak eskaintzen, eta, hortaz, bere konpromisoa mantentzen du zentzu horretan. Bagabiltza proiektu honi beste kokapen bat emateko aukerak ikusten”.
2016 urtean Lekeitioko Udalak Letraukua auzoan gazteei zuzendutako 48 zuzkidura-bizitegi edo apartamentu eraikitzeko proiektua berreskuratzeko asmoa zuela adierazi zion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritzari, eta 2017ko osoko bilkuran lur eremu hori Eusko Jaurlaritzari doan uztea onartu eta legeak ezartzen duen prozedurari ekin zioten. 2018ko maiatzaren 17an baiezkoa eman zioten lankidetza hitzarmenari, eta ondorioz lankidetza hitzarmena sinatu zuten ekainaren 11n Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Lekeitioko Udalaren artean.
Aurkikuntza. Bestalde, 2016ko maiatzaren 1ean Armintxe kobazuloa aurkitu zuten, eta Kantauri aldeko Paleolitoko arte multzorik garrantzitsuenetako bat aurkitu zen bertan, hain zuzen, paleolito garaiko berrogeita hamar bat grabatu. Adituek diotenez, labar-artearen multzo horren garrantziaren gako nagusia, grabatuen kalitateaz gain, erabilitako teknika da.
Aurkikuntza hori dela eta hainbat azterketa egin ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Lekeitioko Udalak bere aldetik ere azterketa bat egin zuen 2019 urtean aurkikuntza horrek apartamentuak eraikitzeko lur zatian izan zezaketen eragina jakiteko. “Inguruaren ebaketa geofisikoak egin ziren tomografia elektriko eta metodo sismikoaren bidez”.
Azaldu dutenez, azterketen ondorioak ikusita, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari idatzia bidali zien, erakunde hauen iritzia eta balorazioa ere jakiteko. “2020ko otsailaren 12an jaso dira udaletxean Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailetik eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikaren erantzun idatziak. Idatzi hauek egiaztatu egin digute eraiki nahi ziren zuzkidura-bizitoki edo apartamentuen kokalekuaren azpiko mendigune karstikoan Armintxe koba dagoela, eta, ondorioz, hiru erakundeok bat egiten dugu, eraikitze proiektua egikaritzea bideraezina dela esatean”.