Neurri ekonomikoak hartuko dituztela iragarri dute erakundeek
Koronabirusa egiten ari den kaltearen aurkako neurri ekonomikoak hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek. Eudelek zerga eta tasen ordainketa atzeratzeko eskatu die udalei. Autonomoen PFEZen ordainketa zatikatuen ordainketa ere eten egin dute.
Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek ere hainbat neurri iragarri dituzte koronabirusak eragiten duen kalte ekonomikoa bideratzeko. Alde batetik, Josu Erkorekak esan du 300 milioiko programa bat onartuko duela Jaurlaritzak, eta enpresa txikien eta autonomen likidazioa bermatzeko 25 milioi euroko beste programa bat. Aldundiek, ostera, zergen arloko neurri bereziak ezarri ditu.
Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Espainiako Ministro Kontseiluak hipoteka ordaintzeko luzamendu bat onartuko du koronabirusaren krisiak kaltetutakoak babesteko. Bilera bat egiten ari dira orain, eta bukatzean azalduko dituzte krisiaren eragin ekonomikoa arintzeko eta soldatapeko langileak babesteko hartuko dituzten neurri berriak.
Eudelen eskaerak. Eudelek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei gomendatu die luza dezatela udal zergak eta tasak ordaintzeko epea. Horrekin batera, udalerriei proposatu die osasun-langileen ibilgailuak TAO sistematik kanpo uzteko, baldin eta etxeetara zerbitzuak ematera ateratzen badira.
Osoko bilkurak eta batzordeak «behar-beharrezkoak» diren gaietara mugatzeko eskatu die udalei, eta botoa eman behar den batzordeetan soilik egitea, talde bakoitzeko zinegotzi bakarra bertaratuta.
Eudelek jakinarazi du administrazio kontratazioari buruzko txosten juridiko bat egiten ari dela, alarma egoeretan izan daitezkeen zalantzak argitzeko. Aste honetan amaituko du. Besteak beste, argibideak emango ditu azpikontratatutako enpresek ematen dituzten zerbitzuak eteteari buruz eta haien langileen egoerari buruz, eta kontratua etetea eta konpentsatu beharreko balizko gastuak justifikatzeko moduak ere jasoko ditu txostenean.
Autonomoen PFEZen ordainketa zatikatuen ordainketa ere eten egin dute. “Jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisikoek ez dute edukiko PFEZen 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekotako autolikidazioak egin beharrik, ez eta horien emaitzako ordainketa zatikatuak ere”, gaineratu dute. Neurri horrek, hain justu, 35.000 zergaduni eragingo diela esan dute.