Gaixorik daudenen hondakinak errefuxara botatzeko eskatu dute
Koronabirusagaz kutsatutako gaixoekin eta berrogeialdian dauden pazienteekin kontaktuan egon diren hondakinak edukiontzi grisera bota behar dira. Traste zaharrak ere ez dituztela batuko esan dute.

Lea-Artibaiko eta Debabarreneko amankonazgoek hondakinen bilketa, garraioa eta kudeaketa egiterako orduan zenbait neurri hartu behar izan dituzte alerta egoerak dirauen bitartean. Zerbitzu gehienak bere horretan jarraituko badute ere, Lea-Artibain zein Debabarrenan bolumen handiko altzariak eta tresneria jasotzeko zerbitzua eten egingo dute, abisu berria eman arte. Horrez gain, koronabirusa duten edota horiekin kontaktuan daudenei hondakinak zuzenean errefuxara botatzeko eskatu dute.
Bi amankomunazgoek nabarmendu dutenez, koronabirusak kaltetutako pertsonekin kontakturik eduki ez duten hondakinen edo materialen kasuan bereizten jarraituko dute, berrerabilpena eta birziklapena ahalbidetuz.
Koronabirusagaz kutsatutako gaixoekin eta berrogeialdian dauden pazienteekin kontaktuan egon diren hondakinen edo materialen kasuan, berriz, honakoa da jarraibidea: errefusaren edukiontzi grisa erabili beharko da nahitaez. “Erabat debekatuta dago banatuta jasotzeko edukiontzietan (organikoa, ontziak, papera, beirak edo ehuna) uztea edo inguruan uztea. Maskarak, eskularruak, zapia, janari zatiak eta beste edozein gaixoren hondakinak itxiera hermetikoa duen potsa batean sartuko dira, posible bada estalkia eta pedala duen zakarrontzi batean, gaixoaren gelan”.
Poltsa hori botatzerako orduan, beste poltsa hermetiko baten barruan sartu beharko da, eta hori errefusara bota. “Errefusa zabortegira edo erraustegira zuzenean bidaliko da, ahal bada poltsak eskuekin ireki gabe. Aurretiko tratamendua behar izatekotan, tratamendu hori modu automatikoan egingo da, poltsa eskuz irekitzea saihestuz”.
Traste zaharren bilketa. Lea-Artibai Amankomunazgoko iturriek azpimarratu dutenez, ez dute traste zaharrak botatzeko txandarik emango, ezta zerbitzurik eskainiko ere. “Baina hitzordurik barik ateratakoa batukoa da ohiko maiztasunagaz”. Alarma egoerak jarraitzen duen bitartean hondakinak biltzeko gune mugikorraren zerbitzua (hilabetero herrika ematen dena) ere eten egingo da. Epe horretan ez dira burutuko edukiontzien mantenimendua eta mugimendua (premiak hala eskatuta derrigorrez egin behar direnak salbuetsita) eta bestelako gehigarrizko zerbitzuak ere.
Bi eskualdeetako arduradunek azaldu dutenez, taberna eta saltokiak itxita egon arren, etxebizitzetan zaborra sortzen jarraituko da, “ezinbestekoa izango da zaborra jasotzen jarraitzea, etxeetan ez pilatzeko”. Gaikako bilketa (errefusa, papera eta kartoia, organikoa eta antzekoetan) ohiko eran egiten jarraituko dute.
Lea-Artibain, gainera, errepaso zerbitzuek eta hidrogarbigailu bidezko edukiontzien garbiketak ere ohiko zerbitzua emango dute. Edukiontziak garbitzeko kamioi zerbitzua, berriz, asteburuan egin dutela esan dute; hurrengoa bi hilabete barru tokatzen dela iragarri dute.
Debabarrenako Mankomunitateko iturriek azaldu dutenez, zaborra jasotzeko langileek lanean jarraituko dute alarma egoerak bere horretan jarraitu bitartean. Txandak hiru ordutegitan banatuko dituzte kutsatzeak saiheste aldera. Hondakinak jasotzen zein poltsa horiek jasotzen dituzten instalazio guztietan langileak babesteko protokolo zehatzak garatuko dituzte, edo daudenak berrikusiko dira helburu berdinarekin eta langileentzako beharrezkoak diren banakako babeserako ekipoak emango dira.
Debabarrenan, gainera, kaleak hipoklorito sodikoarekin garbituko dituzte. “Garbiketa zerbitzuko langileek kaleak garbitzen hasiko dira ura eta hipoklorito sodikoko nahasketa batekin, koronabirusaren hedapena gelditzeko laguntzeko neurri modura”.
Debabarreneko garbiguneei dagokienez, Mutriku, Elgoibar, Eibar eta Ermuako Garbiguneen irekiera ordutegiak errespetatuko dira. Hala ere, bertako langileen babes neurriak hartu beharko dituzte, Osasun Ministerioak gomendatuko neurriak bermatzeko.