Ertzaintzak kontrolak areagotu ditu, alarma egoera betetzen dela ziurtatzeko
Portuko langileei enpresako lan baimenak eskatu dizkiete, eta sukarrik ez dutela egiaztatzen ibili dira. Ertzaintzak esan duenez, dagoeneko hiru isun ipini dituzte Lea-Artibai eskualdean, neurriak ez betetzeagatik.
Ertzaintzak zaintza areagotu du kalean zein errepideetan. Prebentzio kontrolen bidez, alarma egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu murrizketak betetzen direla bermatu nahi dute. Gaur [martxoak 19] goizean, esate baterako, Ondarroako portuan kontrol berezia egin dute, 07:00etan hasita. Portuko langileek esan dutenez, enpresako lan baimenak eskatu dizkiete, eta era berean, bertan lanean zeudenei sukarrik bazuten edo ez egiaztatzen ibili dira, termometroekin.
Ondarroako patruilak ez eze, kontrola sendotu asmoz, kanpoko patruilak ere gerturatu dira portura, prebentzio neurriak hartzen direla ziurtatzeko. Ertzainek azpimarratu dutenez, denek baimenak behar bezala beteta zituzten. Dena ondo joan dela esan, inolako “arazorik barik”.
Lantokietan ez eze, eskualdeko beste hainbat tokitan ere kontrolak egiten jarraituko dutela iragarri dute. “Zaintza bat egin behar dugu, eta jendeak ikusi behar du hau guztia zaintza prebentibo bat dela”. Era berean, garraio partikularra eta kolektiboa kontrolatzen jarraituko dutela azpimarratu dute, “baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko”.
Hain zuzen ere, beharrezkoak ez diren bidaiak eragotzi nahi dituzte. Egunotako zubiaren harira, gogorarazi dute debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara mugitzea. “Atzo [martxoak 18], esaterako, jendea zubian kanpora ez joateko pare bat kontrol berezi egin genituen Lekeition. Oso bisualak izan ziren kontrolak. Batzuk beste etxe bat dute beste toki batean, eta ez dute ulertzen ezin direnik hara mugitu”. Mota horretako kontrolekin baimendu gabeko bidaiak eragotzi nahi dituzte.
Ildo horretatik, autoan zirkulatu ahal izateko, bakarrik joatea gomendatzen dute. Autoan bigarren pertsona bat joanez gero, atzean, eskuineko aldean aldean eseri beharko da segurtasun distantzia errespetatuz.
Alarma egoera dela-eta ezarritako konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar dela ohartarazi du Ertzaintzak. Ertzaintzak jakitera eman duenez, dagoeneko hiru isun ipini dituzte Lea-Artibain, alarma egoerako neurriak ez betetzeagatik. “Gutxi batzuk egoera hau ez dute serio hartzen. Eta, egia esan, oso serio hartu beharrekoa da”. Lehenengo isun biak atzo [martxoak 18] ipini zituzten, eta hirugarrena gaur [martxoak 19] ipini dutela esan dute.
Beharrezko kasuetan ez bada, kalera ezin dela irten gogora ekarri dute. Lan jarduera edo premia biziko erosketak egiteko bakarrik zirkulatu daitekeela gogorarazi dute, eta herritarrei zentzunez jokatzeko eskatu diete. “Egoera ez da batere erraza. Denon ardura da, eta denok gure aldetik ipini behar dugu”. Koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko alarma egoera dekretuan azaltzen diren neurriak ez betetzeak isunak eta zigorrak izan ditzake.