Lea-Artibain eta Mutrikun hiru COVID-19 kasu erregistratu dituzte
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mendexan daude positibo kasuak (atzora arteko datua). Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban kutsatutakoak guztira 1.190 dira. Osakidetzako erizain bat ere hil egin da sei egunez Bizkaiko ospitale batean egon ostean.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Lea-Artibain eta Mutrikun koronabirusaren frogan positibo eman duten hiru kasu daude erregistratuta; Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mendexan daude positibo kasuak, bakoitzean bana. Datua atzero artekoa da, eta froga egin eta positibo eman dutenei dagokie. Beraz, horrek ez du esan nahi kasu gehiago egon ahal ezin direnik.
Bestalde, IƱigo Urkullu Lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egin dute gaur [martxoak 19] eguerdian, Bizkai, Gipuzkoa eta Araban koronabirusa izaten ari den bilakaeraren berri emateko. Euren lehen berbak sei egunez Bizkaiko ospitale batean egon ostean, bart hildako Osakidetzako erizaina gogoratzeko izan dira. Lehendakariak eta sailburuak dolumina helarazi diete familiari, lankideei eta Osakidetzako profesional guztiei galera horrengatik. “Koronabirusaren hedapena geldiarazteko egiten ari zareten lana eredugarria da, eta zuen konpromisoa eredugarria da gizarte osoarentzat”, adierazi du lehendakariak.
Gaur eman dituzten datuen arabera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban beste 217 COVID-19 kasu erregistratu dira. Beraz, kutsatutakoak guztira 1.190 dira, eta horietatik 455 ospitalizatuta daude. Hildako pertsonak, berriz, 53 dira, atzo [martxoak 18] baino 13 gehiago. Lurraldeka begiratuta, Bizkaian 393 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 117 ospitalizatuta; Gipuzkoan 176 positibo daude, eta horietatik 54 ospitalizatuta daude, eta Araban 621 kasu zenbatu dira, eta horietatik 224 ospitalizatuta daude.
Bestalde, positibo emandako 18 pertsona sendatu egin direla jakitera eman dute.
Aplikazio berria. Kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio-lana indartzeko mugikorrerako aplikazio bat lantzen ari direla azaldu dute. “Pertsonak erregistratu ahal izango dira, hurbilen dituzten kontaktuak txertatu ahal izango dituzte eta haien osasun-egoera erregistratu ahal izango dute”.
Aplikazioa datorren astean egongo da eskuragarri. “Horrelako aplikazioak beste herrialde batzuetan baliagarriak direla frogatu duten tresnak dira, eta Osasunaren Mundu Erakundearen jarraipen eredua lantzen du, baita Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroa edo Korean erabiltzen dena”.