Mutrikuko kiroldegiak etxean kirola egiteko bitartekoak ipini ditu
Kiroldegiak itxita diraun bitartean doako saioak etxean egiteko aukera egongo da.
Koronabirusa ez hedatzeko hartutako prebentzio neurriek bete-betean eragin die kirol zaletasuna duten hainbat mutrikuarri. Alarma egoeragatik etxean konfinatuta dauden herritarrak, hala ere, kirola egitera animatu nahi dituzte, eta horretarako hainbat bitarteko ipini dituzte. Etxean ere kirol ohiturak galdu nahi ez dutenek horretarako aukera edukiko dute datozen egunetan.
Kiroldegiak itxita diraun bitartean doako saioak etxean egiteko aukera egongo da. “Herritar guztiak doako saio horietara gonbidatu nahi ditugu”. Etxeko lasaitasunean egiteko hainbat ariketa gomendatu dituzte, eta horiek nahi izanez gero, bakarka zein familian ere egin ahal izango dira.
Momentuz hiru aukera jarri dituzte: alde batetik, erabiltzaileek entrenamendu saio batean sartu eta saioak egiteko aukera izango dute zuzenean webgune batean sartuta. Honako loturan sartuta, hainbat entrenamendu egiteko aukera dago. “Ez zara erregistratu behar. Saioak egitera animatu nahi zaitugu”.
Beste alde batetik, sarean burutuko den Entrenamendu Plataforma bat ere eskura edukiko dute bazkideek, egoera bere onera etorri bitartean. “Plataforma horretan Less Mills 800 entrenamendu izango dituzu eskura. Tabletean, mugikorrean edo adimendun telebistan ikusi eta egin ahal izango dira. Momentuz, entrenamendu hauek ingelesez egongo dira”. Azaldu dutenez, Zeelanda Berriko zentraletik munduko beste agentziekin batera ari dira lantzen egitasmoa. “Datozen egunotan prest izatea espero dugu. Egon adi datozen egunotan emango ditugun jakinarazpenekin. Momentuz gozatu itzazu zure eskura jartzen ditugun entrenamenduak”.
Azkenik, aholkularitza zerbitzu bat ere eskura egongo da kiroldegiko irakasleen eskutik. “Kiroldegiko lan taldeak etenik gabe dihardugu, besteak bete, erabiltzaileoi doako entrenamenduak eskaini ahal izateko asmoz. Kiroldegiko irakasleak entrenamendu bideo berezi batzuk egiten ari dira”. Bestalde, edozein duda argitzeko edo aholkuak jaso ahal izateko irakasleek posta elektronikoak eskura ipini dituzte. Laura Andarekin harremanetan jarri nahi dutenek laura.a@jasokirolak.com helbide elektronikora idatzi beharko dute eta IƱaki Mateosekin egon nahi dutenek, berriz, inaki.m@jasokirolak.com helbidera bidali beharko dituzte euren galderak.