Ondarroako historia eta pertsonaia esanguratsuak sarean gehitzen ari dira
Euskal Wikipediak abian jarritako lehiaketa bati jarraituta, Ondarroako Historia Zaleak taldeko Ibai Muñiz herriko pasarte historiko batzuk eta pertsonaia esanguratsu batzuen bibliografiak ari da gehitzen euskal entziklopediara.
Euskal Wikipediak eremu askotan hobekuntzak behar dituela eta, entziklopedia hori aberasteko Euskal Wikipedia Entziklopedia Askearen arduradunek lehiaketa bat deitu zuten martxoaren 1ean. Ibai Muñiz Ondarroako Historia Zaleak taldeko kideak lehiaketa horretan izena eman zuen, eta Ondarroako pertsonaia ezagunen bibliografia eta Ondarroako beste hainbat kontu historiko sareratu ditu dagoeneko. Lehiaketan parte hartzeko aukera zabalik dago abenduaren 3ra arte.
Aldi berean lau lehiaketa daude egiten, lau alorretan sailkatuta: Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluak hobetzea, Euskal Herriko udalerrien artikuluak hobetzea, euskal emakume erreferenten bibliografiak eta Txikipedia umeentzako entziklopediarako edukiak.
Iaz Durangoko Andereak taldeak Dina Bilbao kirolari ondarrutarraren eta Teri Ibarrola ipuin kontalari aulestiarraren ibilbideak sareratu zituen. Bide horretatik, lehiaketan izena emanda, orain Muñiz ere Interneteko euskal entziklopedia elikatzen ari da, Ondarroaren atala hain zuzen ere. “Lehiaketan izena eman nuen, eta nire zaletasunari jarraituz, Ondarroako pertsonaia garrantzitsuen eta bestelako kontu esanguratsuak sareratzeari ekin nion”, azaldu du.
Kontu historikoez gain, Bitxore Laka artista ondarrutarraren (Ondarroa, 1933-2014) eta Imanol Oruemazaga (Berriz, 1931- Ondarroa, 2017) apaiz, kultur eragile, politikari eta historialari ondarrutarren bibliografiak sareratu ditu Muñizek. “Ondarroako atalean begiratzen egon nintzen eta herriko pertsonia esanguratsu gehienak gizonezkoak zirela konturatu nintzen. Pentsatzen hasi, eta Lakaren bibliografia sartzea erabaki nuen”. Lakaren bibliografia lehiaketarako puntuagarria dela esan du, euskal emakume erreferentea delako. “Horrez gain, uste dut Wikipediak daukan Ondarroako atalean agertu egin behar zela. Oruemazaga ere oso pertsonaia esanguratsua izan da Ondarroan, eta haren inguruko ekarpena lehiaketarako puntuagarria ez den arren, egitea erabaki nuen”. Izan ere, bi pertsona horiei OHZk egin zizkien elkarrizketak. “Guk elkarrizketatu genituen, eta haien inguruko informazioa esku-eskura neukan”.
Lehiaketan parte hartzeak Euskal Wikipediaren baldintzak onartzea dakarrela dio. “Erreferentziei garrantzi handia ematen diete. Informazioa edonork idatzi ahal du, baina erreferentziak dira informazioari balioa ematen diotenak. Horrek kalitatea ematen dio Euskal Wikipediari”.
Idazten diren artikulu guztien gaineko kontrol bat ere badagoela dio. “Norbaitek egokia ikusten ez duen zerbait irakurtzen badu, edo iritzia den zerbait, aipatu egiten du, eta eztabaida zabaltzen da. Kontrol neurriak zehaztuta dituzte Euskal Wikipedian”.
Puntuazioa. Parte hartzen zauden lehiaketa batean 1.000 puntu lortzen diren lehenengo aldian hezkuntza@wikimedia.eus helbidera idatzi eta saria erreklamatu behar da. “Ni gutxinaka banoa puntuak gehitzen”, esan du Muñizek.
Oro har, bere helburua herriko historiari zabalkundea ematea dela dio, Ondarroako Historia Zaleek urtero egiten duten Ondarroa urtekariagaz egiten duten legez. “Lehiaketa honetan parte hartu eta gure herriko pertsonaia zein pasarte historikoak sareratuta ere historia zabaltzen da”.