Zergak ordaintzeko epea luzatu dute udal batzuek
Erabakia korononabirusaren hedapenaren ondorioz hartu behar izan diren salbuespeneko neurrien ondorioei aurre egiteko hartu dute. Momentuz Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Mutrikuko udalek eman dute erabakiaren berri.
Markina-Xemeinen, esaterako, koronabirusa eragiten ari den ondorio ekonomikoak arintzeko, eta une honetan ordainketak egiteko mugak daudela kontuan izanda, udal zergak ordaintzeko epea luzatu dute. Azaldu dutenez, besteak beste, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga ordaintzeko epea –une honetan zabalik dagoena– luzatu egingo dute, helbideratu gabeko ordainagirien kasuan.
Mutrikun ere “ondorio ekonomikoak arintze aldera” zenbait zergen ordainketa epeak luzatzeko erabakia hartu dute. Honako zergen ordainketa epealdiak zabalduko dituzte: zaborra (bigarren hiruhilekoa), Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta Ibilgailuen zerga (ordaindu gabe izan arren ere, bi gune urdinetan aparkatu ahal izango da udan). Neurria osasun krisiak irauten duen bitartean abian egongo dela azpimarratu dute.
Mutrikuko udal ordezkariek gaineratu dutenez, udal langile bat jarriko dute herritarren eskura, egunotan iragartzen ari diren dirulaguntzen kudeaketan herritarrei laguntzeko. Edozein kontsulta egiteko 943-60 33 78 telefono zenbakira deitu beharko da, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara.
Lekeition ere 2020ko Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergaren bilketa epea atzeratu egingo da COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz. Udalak jakinarazi duenez, orondatezko ordainketa epea 2020ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean izango da, biak barne. Helbideratutako erreziboen kargua zergadunak agindu duen kontu zenbakian egingo da abuztuaren 14an.