Aniztasun funtzionala dutenei kalean ibiltzeko baimena emango diete udal batzuek
Aniztasun funtzionala dutenen elkarteek egin zioten eskaera Espainiako Gobernuari, eta hark onartu egin zuen. Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek aukera hori baliatu dute.
Etxean geratzeko agindua jaso eta gero, aniztasun funtzionala dutenen elkarteek Espainiako Gobernuari eskatu zioten ordu batzuetan bada ere kalera ateratzeko baimena emateko aukera edukitzea. Espainiako Gobernuak eskaera hori ontzat eman zuen. Espainiako hori baimendu eta gero, orain, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek jakinazi dute alerta egoerak dirauen bitartean aniztasun funtzionala duten herritarrei kalean ibiltzeko “baimen berezia” emango dietela. “Beti ere, familiak beharrezko ikusten badu eta euren ardurapean”. Baimen hori emateko eskuduntza daukate udalek.
Lehenengo pausoa eskaera egitea dela esan dute udal ordezkariek. Eskaera egin eta gero, udaletxera edo udaltzaingora joateko dei egingo diete eskatzaileei. “Han paper ofizial bat bete beharko dute. Dena dela, kasu guztiak banan bana aztertuko dira”.
Baimen berezi hori duten herritarrek baldintza batzuk edukiko dituzte kalera irteteko. “Gehienez ere goizean ordu bat eta arratsaldean beste bat irten ahalko dute”.
Markina-xemeindarren kasuan, interesatuek udaletxera deitu (94-616 74 54) edo posta elektronikoa idatzi behar dute (udala@markina-xemein.eus).
Ondarroako Udalak esan du Ondarroan Gorabidek egin zuela eskaera. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak eguaztenean sinatu zuen Gorabideri “baimen berezi” hori emateko dekretua. “Gorabidekoak multzo txikietan kalera irteteko baimena daukate, begirale batek lagunduta betiere”.