Gizaburuagarrek salatu dute inguruko herrietakoek zaborrak uzten dituztela euren edukiontzien parean
Herritar batzuek esan dutenez, arazoa "ez da oraingo kontua". Inguruko herritarrei eskatu diete euren herrietako edukiontziak erabiltzeko, eta ez Gizaburuagakoak.
Herritarrek azaldu dutenez, arazoa inguruko herrietan txipdun edukiontziak ipini zituztenean hasi zen. “Gure herriko edukiontziak ez dira txipagaz zabaltzen, eta uste dugu horregatik uzten dituztela. Hilerriaren parean dauden edukiontzien parean uzten dituzte zaborrak, kanpoan”. Egoera “gehiegizkoa” dela, “nazka-nazka eginda daudela” eta inguruko herrietako bizilagunei errespetuz jokatzeko eskatu diete.
Zaborra uzten duten inguruko herrietako bizilagun batzuk identifikatu dituztela ere esan dute, baina hondakinak botatzen dituztenen artean, enpresa batzuetako langileak ere badaudela diote. “Enpresako hondakinak uzten dituzte gure herriko edukiontzien aurrean”.
Egun batzuetan, gainera, zabor poltsa asko batzen direla esan dute. “Orain, gainera, udaberrian sartuko gara, eta eguraldiak ere hobera egingo du. Imajinatu horrek zer nolako arazoa suposatu dezakeen”.