Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, herritar batek gaur [martxoak 20] goizean udaletxera deitu du esanez bere etxera bi lagun joan direla udalaren izenean etxea desinfektatuko ziotela. Udalak argi utzi du iruzurgileak direla, udalak ez duela inor bidali etxez etxe. Eta gaineratu du Udaltzaingoa eta Ertzaintza jakinaren gainean daudela.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan du etxera norbait halakoak esaten etorriz gero, aterik ez zabaltzeko eta udaltzainei (94-683 36 73) edo ertzainei (94-683 27 00) deitzeko. “Herritarrei eskatzen diet beraien inguruko senide eta lagun nagusienei zein auzokideei arazo honen berri ematea. Izan ere, normalean iruzurgileak horien etxebizitzetara joaten dira. Garrantzitsua da herri guztia jakinaren gainean egotea”.