Arantza Ibarra Basañez: "Metatronen arabera, aldaketez betetako urtea izango da 2020"
Bere esperientzian oinarrituta, argi izakietara hurbilduko du irakurlea zinemagile eta idazle ondarrutarrak. Orain arteko bere lanetan landu gabeko generoa dela azpimarratu du.
Arantza Ibarra Basañez (Ondarroa, 1975) zinemagile eta idazle ondarrutarrak Año 2020. El arcangel Metatron y otros seres de luz liburua kaleratu berri du Kolima argitaletxearen eskutik. Idazle modura umeentzako hainbat ipuin idatzi ditu aurretik, eta baita olerki liburu bat ere.
Argitaratu berri duzun liburuak ez dauka zerikusirik orain arte idatzi duzunagaz.
Mota honetako gai bati buruz berba egiten dudan lehenengo aldia da; honi buruz sekula idatzi barik nengoen. Betidanik yoga, reiki, meditazioa eta antzeko gauzei buruz ikasten ibili izan naiz. Gaztetatik, egia esan, bidaia astralen antzeko sentsazioak eduki izan ohi ditut, baina sentsazio horiek blokeatu egiten nituen.
Zergatik?
Beldurra ematen zidaten. Beti neure barrurako egin izan ohi dudan gauza bat izan da, eta inori ez diot esan.
Liburua, beraz, zure bizipenetan dago oinarrituta.
Nire bizipenetan ezeze, energia horiekin zelan kontaktatzen dudan eta horiekin zer bizi izan dudan ere kontatzen dut. 2012an argialdiz betetako amets bat eduki nuen. Nahikoa kezkatuta utzi ninduen. Hortik aurrera, bat-batean, esna nengoela, energia bat nigaz komunikatzen hasi zen, eta, aldi berean, hirugarren begia ere zabaltzen hasi nintzen. Modu horretara, meditatzen nuen bakoitzean kanalizazioak egiten hasi nintzen. Momentu horretan izaki argidunak edo energia berezi batzuk daudela ohartzen hasi nintzen.
Denok ahal dugu energia horiekin konektatu?
Berez bai, baina gaitasun hori garatu dezakezu edo ez. Pertsona batzuk, gainera, sentsibilitate gehiago dugu horrelako energiekin kontaktatzeko. Egia esan, horrelako gauzei eskaintzeko nahikoa denborarik ere ez dugu. Berez, denok daukagu ahalmena, baina denbora gehiago jardutea beharrezkoa da.
Eta zure kasuan, zelan lortu zenuen konexio hori?
Gutxinaka meditazio gehiago egiten hasi nintzen, eta argi izaki horiekin komunikazio gehiago edukitzen hasi nintzen. Besteak beste, beste garai batzuetan bizi izan ziren energia ezberdinak agertzen joan zitzaizkidan.
Zer energiagaz konektatzeko aukera eduki zenuen?
Liburuan prozesu hori guztia zelakoa izan zen kontatzen dut. Bat-batean irudiak eta gauzak agertzen joaten zitzaizkidan, eta horren arabera zein izan zitekeen sumatzen joan nintzen. Historian ezagunak diren pertsonaiak azaldu zaizkit, esaterako.
Zeintzuk, esaterako?
Merlin, Maria Magdala… Apurka Metatron ere zein den ezagutzen hasi nintzen. Denbora guztia nigaz komunikatzen hasi zen.
Eta zein da Metatron?
Metatron arkanjelu bat da. Hori bai, aingeruak ez dira guri sinestarazi diguten modukoak. Aingeruak, hain zuzen, inoiz pertsonak izan ez diren indar batzuk dira. Pertsona guztiok, egia esan, energia gara, baina gero pertsona izatea esperimentatu ez duten energia batzuk ere badaude, eta horiek dira aingeruak deitzen diogunak. Aingeru horien artean, jakinduria gehiago dutenak daude, eta horiek dira arkanjeluak. Eta arkanjelu horien guztien gainetik dago Metatron. Liburua kaleratzea, besteak beste, berak gomendatu zidan.
Eta zergatik da hain berezia 2020 urtea?
2020an Aquarius garaian sartzen gara; sekulako aldaketak emango dira. Liburua iaz idatzi nuen, eta orain begiratu zer gertatzen ari den koronabirusagaz. Metatronen arabera, 2020 aldaketez betetako urtea izango da. Aldaketa horiek hasi gara igartzen. Metatronek aldaketa hau oso serioa izango dela esan zidan, eta kutsatuak gero eta gehiago izango dira. Hori bai, horri esker, lurra askoz hobeto egongo den puntu baterako ailegatuko gara; besteak beste, kutsadura gutxiago egongo da, jendea herri txikietara buelta egiten hasiko da… eta aldaketa horiek Ama Lurraren mesedetarako izango dira; ditugun bizitza ohiturak asko aldatu beharko ditugu.
Eta aurrera jarraitzeko, zer gomendio emango zenituzke?
Batasunean mantendu behar dugu. Batasunean lan egiten eta elkarri laguntzen ez badugu ikasten, eta indibidualki lan egiten eta berekoikerian jarraituz gero, txarto egingo dugu aurrera. Aquariusen garaia batasunaren garaia da, baina bere osagarria Leo ere bada; Leo oso berekoia da, eta hor guztian garrantzitsuena oreka bat aurkitzea izango da.
2015ean argi izakiekin konektatzen hasi zinen. Konekta izan duzun energia horietatik guztietatik zeinek txunditu zaitu gehien?
Askok txunditu naute. Horietan guztietan Metatron izan da bereziena. Pertsonak izan direnetatik, ostera, Aramu Muruk bereziki arreta deitu zidan. Konektatu nuen hasieratako indarra izan zen, eta horregatik berezia da niretzat. Bere garaiko xaman ezagun bat izan zen. Argidun izaki horrekin lehenengo bider konektatu nuenean ez nekien zein zen, eta kontatzen hasi zitzaidan gauzei esker, zein zen jabetzeko aukera eduki nuen. Besteak beste, galdurik dauden eta ia ezagutzen ez diren hainbat zibilizazioren berri eman zidan. Egia esan, gauza oso interesgarriak joaten zara eurekin ikasten. Aramu Muruk, gainera, aurreko berraragiztatzeekin konektatzeko erraztasun oso handia zuen.
Zelan aldatu dute zure bizitza konexio berezi horiek?
Goitik behera aldatu dute. Bizitzari buruz orain dudan ikuspuntuak ez du zerikusirik lehengoagaz. Besteak beste, bizitza honetan egin nahi dudan helburua aldatu egin da. Beste era batera ulertzen dut, beste ikuspuntu bategaz, eta horrek asko laguntzen dit. Gauza txarrak gertatzen zaizkidanean, esaterako, ez naiz bakarrik sentitzen.
Liburuan, beste gai batzuen artean, berraragiztapenari buruz ere berba egiten duzu.
Liburua idatzi baino arinago berraragiztapenari buruz ez nuen ezertxo ere sinesten; nire buruan ez zen ideia hori sartzen. Apurka-apurka beste bizitza batzuetan izan naizena erakutsi didate, baina, argi indarrek. Neure burua beste itxura batzuekin eta beste leku batzuetan ikustarazi didate, besteak beste.
Heriotzaren tabua orduan beste era batera biziko duzu orain.
Liburuan ere heriotzari buruz sakon berba egiten dut; Metamorfosis deitzen da kapitulua, hain zuen. Hiltzen garenean ez da dena amaitzen. Aldaketa bat ematen da: berriro jaio eta beste bizitza bat eduki dezakegu edo argidun izaki bat bihur zaitezke.