Herriko txokoak sakonago desinfektatzen hasi dira
Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Mutrikuko udalek garbiketa indartu dutela iragarri dute. Kaleak eta hiri altzariak garbituko dituzte koronabirusaren arrastoak desagertarazteko.
Koronabirusa zabaltzea saihesteko neurriak hartzen jarraitzen dute Lea-Artibai eta Mutrikun. Zenbait udalek jakitera eman dutenez, herriko hainbat tokitan garbiketa indartuko dutela iragarri dute. Kaleak eta hiri altzariak garbituko dituzte, eta udal agintarien asmoa, joan-etorri handia dagoen lekuetan koronabirusaren arrastoak desagerraraztea dela nabarmendu dute.
Lekeition, esatera, garbiketa eta desinfekzio plan berezia gauzatzen ari dira duela egun batzuetatik. Besteak beste, barandak, edukiontzi eta zaborrontzietan edota erabilera publikoko guneak sartzen dira plan horren barruan. Markina-Xemeinen, berriz, egunotan ekingo diote garbiketa lanei. Udal iturriek aurreratu dutenez, garbiketarako produktu berezien zain daude lanari ekiteko.
Ondarroan, ostera, desinfektazio lanei bihar [martxoak 24] ekitea aurreikusten dute. Ondarroako udal iturriek azpimarratu dutenez, koronabirus kasuak ez dira herrian gehitu, baina hori gertatu baino lehen neurriak hartzea beharrezkoa dela esan dute. Desinfekzioak sulfatadora bidez eta garbiketarako erabiltzen den ibilgailuaren bitartez egingo dituzte.
Udal brigadako lau langile ariko dira zeregin horietan, eta beharrezko segurtasun neurriekin egin beharko dituzte desinfekzio lanak, besteak beste, buzo zuriak soinean. Desinfekzio lanak egiteko, baina, hurrengo egunetan egiteko zeuden beste lan batzuk atzeratu egingo direla ere jakitera eman dute. Alkateak esan duenez, lehentasunak zehaztea garrantzitsua da halako egoeretan, eta koronabirusak Ondarroan gogor ez jotzeko desinfekzioa da lehentasuna.
Desinfekzioa egiteko hipoklorito sodikoa erabaliko dute, urarekin nahastuta. Zehaztu dutenez, produktua ez da kaltegarria ez pertsonentzako ezta animalientzako ere. “Gainontzeko herrietan ere produktu beragaz ari dira desinfekzio lanak egiten”.
Nabarmendu dutenez, birusa transmititzeko arrisku handienak dauden lekuetatik hasiko dira. Hala eraikuntza publikoetan, Nasa, Erribera, San Ignazio eta Ibaiondo kaleetatik hasiko dira. “Azken egunetan ikusi ahal izan denez herritarrak lehen beharrizanetako erosketak edo kudeaketak egitera joaten direnean gehien erabiltzen dituzten kaleak dira, eta horregatik lehentasuna eman zaie”. Ibaiondon osasun zentroaren ingurua eta Herri Busaren geralekua ere lehentasuneko guneak direla gaineratu dute. “Osasun zentroa izango da udalak desinfektatuko duen lehen eraikina”.
Lehentasunezko guneez gain, zabor edukiontziak dauden espazioak ere desinfektatuko dituzte. Eta lehentasunezko guneekin amaitu ostean, herriko txoko guztiak desinfektatuko dituztela iragarri dute.
Debabarreneko Mankomunitateak jakitera eman duenez, Mutrikun ere hipoklorito sodikoarekin garbituko dituzte kaleak. “Garbiketa zerbitzuko langileek kaleak garbitzen hasiko dira ura eta hipoklorito sodikoko nahasketa batekin, koronabirusaren hedapena gelditzeko laguntzeko neurri modura”.