Ondarroako igogailu publiko guztiak itxiko dituzte
Ondarroako koordinazio mahaiak koronabirusa hedatzea saihesteko hartu du erabakia. 22:00etan itxiko dituzte herriko lau igogailu publikoak.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, herriko lau igogailu publikoak ixtea erabaki dute, Osasun Ministeritzaren gomendioei jarraituz. Igogailuak gaur [martxoak 23] gauean itxiko dituzte. Zehaztu dutenez, 22:00etan itxiko dituzte San Ignazio KamiƱaldegaz, Kantoipe korretagaz, Iparkale Pixapegaz eta Iparragirre Iparkalegaz batzen dituzten igogailuak, eta horrela jarraituko dute osasun larrialdi egoerak iraun bitartean.
Erabakia gaur goizean hartu dute, larrialdi egoerako koordinazio mahaiak egindako bigarren batzarrean. “Udala jakitun da herritar askorentzat igogailuak erraztasunak ematen dituela, baina ixteko agindua etorri da, eta itxi egingo dira. Udalaren iritziz, egoera honetan erabaki zehatzak hartu behar dira, bestela arazoa geroz eta handiagoa bihurtuko da, eta denboran ere luzatu egingo da”.
Igogailuak azken egunetan irekita egon badira ere, ixtea beharrezkoa dela nabarmendu dute. Azaldu dutenez, herritar askok erabiltzen du zerbitzua, eta nahiz eta egunean lau aldiz garbitu, horrek koronabirusa transmititzeko arriskua handitzea dakar. Azpimarratu dutenez, igogailuak infekzio foku handia dira: botoietan, segurtasun distantzia ez da mantentzen…
Udal iturriek gogorarazi dutenez, debekatuta dago etxetik ateratzea lehentasunezko kasuetan izan ezik. Gaineratu dutenez, herritarren boluntario sarea eta horretarako ipinitako udal telefonoa (608 22 97 95) erabilgarri daude norbaitek erosketak egiteko, ogia erosteko, zamarrak ateratzeko, farmaziatik botikak ekartzeko edo lehentasunezkoa izan daitekeen beste zerbait behar izanez gero ere.