Patxi Egia 'Balda' Markina-Xemeingo puntista ohia zendu da
Puntista ohia aurreko astelehenean hil zen 87 urtegaz. Bere garaian zesta-puntako ikur nagusienetako bat izan zen.
HITZAk jakin ahal izan duenez, puntista ohia aurreko astelehenean [martxoak 16] hil zen Bilbon, 87 urtegaz. Baina koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko ezarri den konfinamenduak eragindako egoera dela eta, Jai Alai News atariak domekan [martxoak 22] eman zuen haren heriotzaren berri. Balda modura ezagunagoa egin zen Patxi Egia Urionabarrenetxea, eta Markina-Xemeingo Iturreta auzoko izen bereko baserrian jaio zen, 1933ko urtarrilaren 11n.
Pilotari eta pilotazale familia bateko erreferentea izan zen. Bere garaian zesta-puntako ikur nagusietako bat izan zen, eta garai hartako puntista handienekin partekatu zuen kantxa. Orbea, Txutxo LarraƱaga, Bengoa, Ondarres, Egurbide eta Alexegaz batera, esate baterako.
Zaragozako frontoian egin zuen debuta 1954an, eta handik hiru hilabetera Bartzelonara bidali zuten. Florentziako (Italia) frontoian ere aritu zen 1956an, Madrilgo frontoian 1957an eta 1958an, eta Markina-Xemeingo eta Durangoko frontoietan 60ko hamarkadan. AEBetan Tampan (Florida) jokatu zuen 1961etik 1965era, eta 60ko hamarkadan, gainera, Milango frontoian ere jokatu zuen.
Atzelari bikaina zen, eta bizitza osoa eman zuen frontoietan. 800 partida baino gehiago jokatu zituen Euskal Herriko frontoietan. Erretiratu ostean ere, zesta-punta munduan hurbiletik jarraitu zuen. Orlando eta Quincyko (Florida) epaile eta intendente laguntzailea izan zen hamalau denboralditan, eta ostean Macaon (Txina) inauguratu zuten frontoi berrian intendentzia lanetarako aukeratu zuten; bertan aritu zen 1974tik 1976ra.
Markina-Xemeinera buelta egin ostean, Uni frontoiko kantxa arduraduna izan zen, eta epaile lanak ere egin zituen Markina-Xemeingo Unin zein Durangoko Ezkurdin. Markina-Xemeingo World Jai Alaiko pilotari eta irakasle ere izan zen. Unibertsitatean pilotaren sortzaile, sustatzaile, irakasle eta animatzaile nekaezina izan zen 12 urtez.