49 pertsona ari dira jasotzen Lea-Artibain etxez etxeko laguntza zerbitzua
Alarma egoera dela eta, etxez etxeko laguntza zerbitzua egokitu behar izan du Amankomunazgoak; gizarte zerbitzuek txosten bat egin dute, onuradunen egoera ezagutzeko.
Egoera arruntean gizarte zerbitzuen etxez etxeko laguntza jasotzen duten 182 onuradun daude Lea-Artiban gaur gaurkoz, eta 49 ariĀ dira jasotzen zerbitzu hori orain (martxoak 24), derrigorrezko kasuak direnak.
Koldo Goitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu duenez, txosten bat egin dute gizarte zerbitzuek, erabiltzaile bakoitzaren egoera nolakoa den jakiteko, eta horren arabera ahalik eta zerbitzurik onena eman asmoz. “Onuradun batzuen senideek esan dute ez dutela nahi etxera inor sartzerik; beste onuradun batzuen senideak orain etxean daude konfinatuta, eta, beraz, ez dute zerbitzuaren premiarik”.
Bi taldetan. Gizarte langileak bi taldetan ari dira lanean, txandaka. “Reten modura daude langile batzuk konfinatuta, lanean ari den langileren bat gaixotuz gero, ordezkatzeko”. 15 egunetik behin txandakatzen ari dira, segurtasun neurri modura.