Berdela bakarrik arrantzatzea adostu dute kantauriko baxurako arrantzaleek
Kontrakorik ezean, apirilaren 13ra arte indarrean egongo da neurria; bandera ezarri dute gainontzeko beste arrain espezieentzat. Jarduera gutxi dago Ondarroako kofradian; kuota agortzear duten oso ontzi gutxi daude.
Koronabirusagatik sortutako osasun krisiak ere ezohiko egoera ekarri du bertoko portuetara. Erakunde publikoek debekurik jarri ez badute ere, berdela bakarrik arrantzatzea adostu dute aho batez kantauriko baxurako arrantzaleek, “euren osasasunaren hobebeharrez”. Hori bai, arrantzaleek, beti ere, kuota amaitu arte jarraitu ahalko dute arrantzan. Bestelakoan portuan lotuta egon beharko dute.
Neurriagaz bat egin dutenek, gainera, bestelako espezierik ez arrantzatzea ere adostu dute. Apirilaren 13ra arte bandera ezartzea erabaki dute. Espainiako Gobernuak oraingoz ezarritako alarma egoeraren amaierarekin egingo luke bat, baina ez dute baztertzen etenaldia gehiago luzatu behar izatea. Modu horretara, antxoa kostera luzatu nahi dute marinelek. Antxoa oso prezio apalean saldu da azkenealdian, eta aurtengo kuota ez denez oso handia, kanpaina, gutxienez, hiru astez etetea egokiena dela adostu dute. Berriro ekitean, beharbada, tamaina handiagoko arraina arrantzatu ahal izango dutela uste dute horrela.
Hain zuzen ere, antxoa denboraldia hasi berritan, antxoa gutxi porturatu dute, eta arrantzatu duten gutxi hori ere oso txikia izan da. “Tamaina dela eta, oso merke saldu da arraina bentan, eta etekin gutxi ateratzekotan, bandera ezartzea erabaki dute”, adierazi dute Ondarroako Kalare Deuna kofradiako iturriek.
Bestelakoan, jarduera gutxi dago Ondarroako kofradian. Azpimarratu dutenez, kuota agortzear duten oso ontzi gutxi daude, eta horietako batzuek etxean geratzea erabaki dute. “Ez dakigu datorren astean jarraituko duten, ala kuota zati hori gerorako lagako badute ere”. Helburua berdel arrantzua lehenbailehen etetea dela nabarmendu dute. “Ez dute luzatzen ibili nahi. Sareagaz dabiltzan batzuk oraingo astean amaituko dute kanpaina, eta amukoak ere oraingo astean amaitzen ahaleginduko dira”.
Oso berdel gutxi dagoenez, prezio nahikoa onean ari da saltzen arraina. Gaur [martxoak 24] goizean, esaterako, 35.000 kilo berdel saldu dituzte. Berdel kiloa 1,20 eta 1,35 euro bitartean saldu da bentan.