Jaurlaritzak 841 milioi euroko lehen neurri sorta onartu du
Enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako diru saila da handiena; 586 milioi euro bideratuko dituzte helburu horretara.
Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko neurri ekonomikoak iragarri ditu. Gobernu Kontseiluak bilera egin du gaur [martxoak 24] goizean, eta eguerdian Lehendakariak egindako agerraldian azaldu duenez, 841 milioi euroko diru funtsa onartu dute.
Lehen neurri sortako inbertsio horregaz, hain zuzen, birusak eraginda sortu diren premiazko helburuei erantzun nahi diete. “Momentuko larrialdiei erantzuteko ekinbide zuzenak dira gaur onartu ditugunak”. Gaineratu dutenez, datozen egunetan ere ekinbide berriak onartuko dituzte.
Funts horretatik guztitik enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako diru saila da handiena. Helburu horretara 586 milioi euro bideratuko dituzte. Beste 200 milioi euroko diru saila osasun sistema indartzera eta osasun material gehiago lortzera bideratuko dituzte.
Gainontzeko 55 milioi euroak, berriz, pertsona eta familien beharrei arreta emateko neurrietara bideratuko dituzte. Iragarri dituzten neurri horien artean, gainera, babes ofizialeko etxebizitzetan alokairuan daudenek eta langabezian geratu direnek ez dute apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitate gastua ordaindu beharko.
Agerraldian, bestalde, oinarrizko zerbitzuei eusteko jarduera ekonomikoa beharrezkoa dela azpimarratu du Urkulluk. Langileen osasunarekin “bateragarriak” diren jarduera ekonomikoekin jarraitu beharra dagoela esan du, “koma ekonomikoan” ez sartzeko. “Behar-beharrezkoa da protokolo zorrotzak bermatzea enpresetan pertsonen segurtasuna zaintzeko. Egoera honetan, langileen segurtasunarekin bateragarria den jarduerari eusten saiatu behar dugu. Logistika, hornidura, energia eta oinarrizko kontsumoko produktuen banaketa martxan izaten. Hori da enplegua babesteko modua”.