ERTE akordioa adostu dute Markina-Xemeingo Kauxot enpresan
Akordioa lau egunetarako sinatu dute, baina egoera luzatuz gero ere, baldintza berak mantenduko lituzte. ERTEak, besteak beste, ez dio eragingo aparteko soldatari ezta oporrei ere. Sindikatuek salatu dutenez, ERTEa langileen osasuna bermatze aldera barik, ekoizpenak behartuta hartu da.
COVID-19 birusaren pandameriari aurre egiteko neurri bereziak hartzen hasi dira enpresa batzuk. Markina-Xemeinen egoitza duen Kauxot enpresako ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek osatutako enpresa batzordeak eta enpresak, esaterako, baldintza oso bereziak dituen ERTE akordio bat sinatu zuten astelehenean [martxoak 23]. ERTEa hasiera batean, lau egunetarako sinatu dute, baina luzatzeko aukera ere badagoela azaldu dute enpresa batzordeko kideek. “Momentuz lau bat egunekoa izango da, baina hemendik aste batzuetara ekoizpena etetea erabakiko balitz, ERTEko baldintzak mantentzeko asmoa agertu dute”.
Akordioan, gainera, ekoizpen eteteagatiko bestelako ERTEetan baino baldintza hobeak lortu ditu enpresa batzordeak. Akordioaren arabera, hain zuzen, ERTEak beharrezko geldialdi egun guztiak iraun ahalko ditu, enpresaren osagarria %80 arte izango da (kasu askotan, %70a da), aparteko soldatari ere ez dio ERTEak eragingo eta ezta oporrei ere.
ERTEa, baina, langileen osasuna bermatze aldera barik, ekoizpenak behartuta hartu dela adierazi dute sindikatuek. LABen iritziz, arrazoi ekonomikoengatik hartu dute erabakia. “Guk nahiago genuke erabaki hau osasuna bermatzeko hartzea”. Izan ere, Kauxoten lana Cikautxok baldintzatuta dago. Hurrengo asteetako iragarpenaren arabera, eguen eta barikuetan lan ez egitea erabaki dute Cikautxon, eta horrek zuzenean eragingo du Kauxoten ekoizpenean.