Lea-Artibain eta Mutrikun hamalau COVID-19 kasu erregistratu dituzte
Eusko Jaurlaritzak gaur [martxoak 25] eguerdian emandako datuen arabera, Mutrikun, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan, Ondarroan eta Etxebarrian dauden positibo kasuak (atzora arteko datua). Bizkai, Gipuzkoa eta Araban 3.271 dira zenbatutako positiboak.
Eusko Jaurlaritzak gaur [martxoak 25] eguerdian emandako datuen arabera, Lea-Artibai eta Mutrikun koronabirusaren frogan positibo eman duten hamalau kasu daude erregistratuta; datua atzo [martxoak 24] 20:00ak artekoa da, eta froga egin eta positibo eman dutenei dagokie. Datuak kontuan hartuta, bost kasu positibo gehiago baieztatu dituzte azken orduetan.
Zehatz esanda, orain arte positibo eman duten herri batzuetan kutsatuen kopurua igo egin da, eta beste herri batzuetan, lehen kasuak erregistatu dituzte. Etxebarrian, esaterako, lehen kasu positiboa erregistratu dute. Mendexan eta Ondarroan, berriz, atzoko positibo kopuru bera mantentzen da; hau da, kasu bana dago bi herrietan. Kasu positibo gehien, berriz, Mutrikun dago: sei guztira. Azken orduetan bi kasu positibo gehiago zenbatu dituzte Mutrikun. Lekeition eta Markina-Xemeinen, ostera, kasu positibo bana gehiago erregistratu dituzte. Lekeiton, guztira, hiru dira kutsatuak, eta Markina-Xemeinen, berriz, bi.
Gaur eman dituzten datuen arabera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban 3.271 COVID-19 kasu positibo erregistratu dituzte; azken orduetan 543 kasu positibo gehiago baieztatu dira. Lurraldeka begiratuta, Bizkaian 1.501 pertsona daude kutsatuta. Gipuzkoan 563 positibo daude eta Araban, berriz, 1.207 zenbatu dituzte. Hiru lurraldeak kontuan hartuta, 155 dira dagoeneko hildakoak, atzoko 22 hildakoen ondoren.