Baxurako ontzi bat zigilatu dute Ondarroan, COVID-19 kasu bat erregistratu ondoren
'Gorostiaga Hermanos' ontzia zigilatu dute, desinfektatu bitartean. Ontzia portuan lotuta dago barikua geroztik. Bertako marinel bat ospitaleratuta dago, eta gainontzeko langileak berrogeialdian daude.
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako ordezkariek jakitera eman dutenez, Egidazu kaian lotuta zegoen baxurako ontzi bat zigilatu behar izan dute, ontzian lan egiten zuen marinel batek koronabirusaren frogan positibo eman ostean. Kofradiako ordezkariek baieztatu dutenez, Zierbenako Gorostiaga Hermanos ontzia zigilatuta eta hesituta dago atzotik [martxoak 25] desinfektatze lanak egiteko zain.
Kofradiako ordezkariek azaldu duenez, kasu positiboaren berri eduki orduko portuko zuzendaritzari egoeraren berri eman zioten. “Bertako arduradunek hesiak ipintzea erabaki dute, ontzira inor ez hurbiltzeko”. Baina nabarmendu dutenez, ontzia barikutik [martxoak 20] portuan lotuta dago, itsasoratu barik. “Ez dira itsasoratu, beste ontzi asko modura. Marinelak etxean daude barikutik”. Azaldu dutenez, positibo eman duen arrantzalea ospitaleratuta dago, eta ontziko gainontzeko langileak euren etxeetan daude berrogeialdian.
Gaineratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako arrantza saila ere egoeraren jakitun da. “Gure aldetik, ontzia lehenbailehen desinfektatzeko agindua eman dugu. Langilea ez dakigu non kutsatu zen. Hori dela eta, adi egoten jarraituko dugu, besterik agertzen bada ere”.
Koronabirusagatik sortutako osasun krisia dela eta, gainera, baxurako ontzi asko Ondarroako portuan lotuta daude, eta bertan lan egiten duten marinelak euren sorterritara bueltatu dira. Erakunde publikoek debekurik jarri ez badute ere, apirilaren 13ra arte berdela bakarrik arrantzatzea adostu zuten kantauriko baxurako arrantzaleek. Neurri horren arabera, kuota amaitu barik duten ontziek jarraitu dezakete arrantzan. “Amuko ontziren bat edo beste, eta baxurako ontzi bakarra dabil arrantzan, kuota oraindik ere agortzeko dutelako. Baxurako ontzia, esaterako, matxuratuta egon zenez, orain ari da arrantzan”.