Piztiak taldearen bigarren diskoa ere Interneten dago entzungai
'Hasi orduko' diskoa 1992an argitaratu zuen taldeak. Bigarren lana ere plataforma digitaletan argitaratu eta gero, taldearen diskografia osoa Interneten entzungai dagoela esan dute.
Piztiak musika talde ondarrutarra digitalizazio lana egiten ibili da. Otsailean 1991. urtean argitaratutako Huts nazazu diskoa plataforma digitaletan argitaratu eta gero, orain, 1992. urtean argitaratutako Hasi orduko bigarren diskoa eta lehenengo lan luzea (LP) ere plataforma digitaletan argitaratzea lortu dute.
Talde ondarrutarrak zazpi lan argitaratu ditu ibilbide osoan, eta horiei 2015ean egindako Bixitxi marabilli re ‘All Stars’ single-a gehitu behar zaio: Huts nazazu (EP-1991), Hasi orduko (LP-1992), Argia eta itzala (LP-1998), Zero (LP-1999), Euriaren zain (LP-2006), Gabeko kalapitxixak (LP-2009) eta U (LP-2015). “AEK Egunerako atera genuen Munduan dagoen bazterra abestia kenduta, gainerako diskografia osoa dago entzungai plataforma digitaletan”, esan dute taldeko kideek.
Lehenengo diskoagaz egin legez, Hasi orduko bigarren lana ere Lasarteko estudioan grabatu zuen Jean Phocasek. Ekoizpen lana Juan Carlos Perezek, Phocasek eta Piztiak taldeko kideek egin zuten. Bigarren lan horren azala ere Josu Aranbarri taldeko kideak egin zuen. “Berak egin zuen azala, eta argazkia ere berea da”. Garai hartan, gainera, taldea laukote izatetik boskote izatera pasatu zen; Carlos Torres bateria gehitu zen. “Lehenengo diskoan bateriarik ez geneukan, eta zuzenekoetan hasi ginenean, bateria bat behar genuen. Taldera gehitu zen, baina bigarren diskoa argitaratu eta aurkezpen bira egiten geundela utzi egin gintuen, eta haren lekua Pello Larrañagak hartu zuen”.
Bigarren disko horretan, The velvet underground taldearen White light heat abestiaren bertsio berezi bat dago (Argitan berotan), Josu Aranbarriren hitzekin.
Taldeak garrantzi handia ematen dio diskografia guztia plataforma digitaletan eskuragarri egoteari. Izan ere, modu horretara, belaunaldi berriek eskura edukiko dute euren musika. “Elkarren talde askoren abestiak dituzte. Eta esan genien haiek ez bazuten plataforma digitalean eskuragarri ipintzen guk egingo genuela. Azkenean lortu dugu, eta guk egin dugu”. Plataforma digitaletan, gainera, betirako geratzen direla esan dute. “Bestela alferrik galtzen dira”.
Gaineratu dutenez, datorren urtean 30 urte beteko dira taldeak lehen diskoa argitaratu zuenetik. “Urteurren hori ospatzeko bira bat prestatzen ari gara. Bira horretako kontzertuetan disko guztietako abestiak eskainiko ditugu”. Dagoeneko, gainera, kontzertu batzuk lotzen hasita daudela diote. “Entsegatzen ere hasita geunden, baina orain, etxean geratu behar garela eta, entseguak bertan behera utzi ditugu. Baina egingo dugu”.
Hasi orduko hamabi abestiz osatuta dago:
- Arrebaz (Kirmen Uribe/Josu Aranbarri)
- Hain Nekauta (K.Uribe/Txomin Uribe)
- Espiral erdian (J.Aranbarri)
- Irentsi nazazu (T.Uribe)
- Azkenean (T.Uribe)
- Ezari ezarian (K.Uribe/T.Uribe)
- Argitan berotan (J.Aranbarri/Lou Reed)
- Hasi orduko (T.Uribe)
- Egizu ondo! (J.Aranbarri)
- Ez naiz ezer (K.Uribe/J.Aranbarri)
- Ikaraz (K.Uribe/J.Aranbarri)
- Behin eta berriz (J.Aranbarri-K.Uribe/T.Uribe)
- Ez naiz ezer –bertsio akustikoa– (K.Uribe/J.Aranbarri)