Yaalah-koak pozik daude haur sahararrentzako aterpetxea egiteko beste diru batu dutelako
Herritarrek Itsulapikoa atarian egindako ekarpenekin eta taldeak zabaldutako kontu korronteetan jasotako ekarpen zuzenekin proiektuagaz aurrera jarraitzeko behar duten gutxieneko diru kopurua lortu dute.
Ondarroako saharar herriaren aldeko Yaalah elkarteak haur sahararrentzako eskualde mailako aterpetxearen proiektua gauzatzeko gutxieneko diru kopurua lortu du. Elkarteko kideek esan dutenez, herritarren erantzunagaz “oso pozik” daude.
Proiektuagaz aurrera jarraitu eta aterpetxea egokitu ahal izateko 10.000 euro beharko zirela esan zuten. Eta kopuru hori gainditzea lortu badute ere, herritarrei ekarpenak egiten jarraitzeko eskatu diete.
Orain arte diru ekarpenak bi bidetatik jaso dituzte: Itsulapikoa atarian zabaldutako crowdfunding-etik eta taldeak zabaldutako bi kontu korronteetatik. “Itsulapikoa atarian diru ekarpena egiteko epea egun gutxi batzuk barru amaituko da, eta hor, gaur arte, 9.720 euro jaso ditugu. Baina zabaldutako kontu korronteetan zuzeneko ekarpenak ere jaso ditugu. Duela egun batzuk, gainera, norbanako batek ekarpen ekonomiko nahikoa handia egin zuen, eta horrekin 10.000 euro gainditzea lortu dugu. Eskerrik asko!”.
Itsulapikoa atariaren bidez ekarpen ekonomikoa egiteko aukera itxiko bada ere, kontu korronteak zabalik egoten jarraituko dutela esan dute. “Proiektua gauzatu arte kontu korronteak zabalik egongo dira, eta herritarrek zuzeneko ekarpenak egin ahal dituzte”. Dirua sartzerakoan telefono zenbakia jartzeko eskatu dute. Ondokoak dira kontu korronte zenbakiak:
- Laboral Kutxa: ES20 3035 0021 13 0210047022
- Kutxabank: ES90 2095 0058 10 9119733535
Gaineratu dutenez, koronabirusak sortutako egoera honen aurrean, baliteke proiektua aurten ez gauzatzea. “Egoera ulertzen dugu, eta baliteke aurten ezin egin izatea. Baina ez dago arazorik, urtebeteko epea daukagu proiektua fintzeko eta gauzatzeko. Beraz, alde horretatik ez dago arazorik”.
60-70 boluntario beharko dituzte aterpetxearen beharrizan guztiak estaltzeko. Boluntario izan nahi dutenek izena emateko aukera zabalik daukate
Yaalah-k euskadiko saharar ordezkaritzagaz batera jarri zuen erronka berria martxan. Funtsean, aterpetxean Tindufeko (Aljeria) desertuko kanpalekuetan bizi diren hamabost haur errefuxiaturentzako lekua egongo da. Eta horiei Euskal Herrian uda igarotzeko Oporrak bakean programaren barruan harrera familietara etorriko direnak gehitu behar zaizkie. Aterpetxea Ondarroako Zaldupe eskolako eraikinean egingo da, eta hara doazenek bi hilabeteko egonaldia egin ahalko dute.
Aterpetxea uztailean eta abuztuan egongo da abantean, eta funtzionamenduari dagokionez, astebeteko zortzi txanda osatuko dituzte, domekatik domekara. Gutxi gorabehera, 60-70 boluntario beharko dituzte aterpetxearen beharrizan guztiak estaltzeko. Eta boluntario izan nahi dutenek izena emateko epea zabalik dutela gogorarazi dute. Interesatuek taldeak Internet bidez zabaldutako orria beteta izena eman ahal dute. Baldintzen artean, 16 urte edo gehiago edukitzea, proiektuaren helburuekin bat egitea, haurrekin moldatzeko erraztasuna izatea eta haurren kultura, erlijio eta ohiturak errespetatzea eskatu dituzte, besteak beste. “Aterpetxe bat baino familia handi bat izatea dugu helburu, begiraleak eta sukaldariak boluntarioak izango gara, eta astebeteko txandak egingo ditugu haurrekin”.